Donostiak pilotari asko batzen ditu, eta halakoetan, kantitatetik kalitatea ere egiten da. Arrasatekoek hiru mailatan egin zieten aurre donostiarrei, baina gazte mailako Llodiok eta Muruak bakarrik lortu zuten garaipena, eta horrek zaildu egiten du aurrera egin ahal izatea. Oraindik, baina, ez dago dena esanda.
Kadete mailan Etxezarretak eta Garitanok neurtu zituzten indarrak donostiarren kontra, eta kanpotarrak gehiago izan ziren (8-22). Ondoren etorri zen gazte mailako partidua, eta hor bai, hor garaipena zuri-moreendako izan zen, Llodiok eta Muruak oso partidu txukuna jokatuta ondo menperatu zituztelako (22-10).
Lehenengo bi partiduetako puntuak banatuta, senior mailako norgehiagoka geratzen zen, eta hor Bolinaga eta Arabaolaza ahalegindu ziren, baina 9-22 galdu zuten. Datorren astean Donostiara egingo dute bidaia, eta oñatiarrek ere orduan hasiko dute txapelketa.