Mondratekoek ondo zekiten igoera faseko lehenengo partidua ez zela batere erraza izango, etxetik kanpora jokatuta desabantaila zeukatelako. Partidu hasieran mondragoetarrei kosta egin zitzaien lehian sartzea, eta zaldibiarrek egin zuten lehenengo gola (1-0); orduan hasi zen, baina, Mondrate martxa hartzen eta partiduarekin gozatzen. Norgehiagoka berdindu ostean Zaldibiak bigarrena egin zuen (2-1), baina hor ere zuri-moreek partidua berdintzea lortu zuten (2-2).
Berdindu bakarrik ez, aurretik jartzea ere lortu zuten Josu Uribarrenek gidatzen duen taldeak, baina zaldibiarrek behera egin beharrean partidua berdindu egin zuten (3-3), eta hor etorri zen penaltien txanda: "Partiduan lehiakorrak izan ginen, partidu txukuna egin genuen baina penaltietan euren atezainak bi jaurtiketa geratu zizkigun. Ez dago besterik. Norgehiagokan zehar kanporaketa asko izan genituen, eta epaileen lanarekin ez ginen gustura geratu, baina horri ere aurre egin genion eta pozik egon gaitezkeela uste dut, nahiz eta orain minduta gauden, normala den moduan".
Hala, oraindik ikusteko dago Mondratek 3. eta 4. postuagatik partiduren bat jokatuko duen: "Oraingoz ez dugu mailaz igotzerik lortu. Ikusiko da aurrerago, beste taldeek igotzeari muzin egiten diotelako edo halakoengatik errebotez gu igo gaitezkeen, baina momentuz hemen amaitzen da aurtengo lana. Denboraldi oso emankorra izan da, aste askotan lehenengo postuan izan gara eta egia da lesioak tarteko amaieran beherakada izan dugula. Baina, gustora egoteko moduko lana egin dugu".