Iazko bide bera egin beharko dute pilotuek, Kuatruenako etxeetan hasi eta Gatzagainera arte 4,8 kilometroko bidea, baina, parte-hartzaileei dagokienez, berrikuntzak sartu nahi izan dituzte A+GAS taldekoek. Honela adierazi du Oxel Etxebarria kideak: "Hemengo lasterketetan ikusten ez diren autoak ekarri nahi ditugu. Zerbait aurreratzearren, Norma m20 auto bat izango da lasterketan… besterik ez dugu aurreratu nahi, hala, jendea bertaratu dadin…".
Gatzagako auto igoera uztailean egin izan ohi da azken urteotan, baina aurten orain egitea erabaki dute; horren arrazoia zein den azaldu du Etxebarriak: "Denboraldiko bigarren lasterketa izango da Gatzagakoa, eta horregatik aldatu dugu igoera eguna. Hain zuzen, jende gehiago gerturatzeko". 14:00etan hasiko da lasterketa, eta, 50 pilotu eta 30-35 boluntario izango direla aurreikusten dute. Beraiengatik ez balitz, ezingo genuke lasterketa gauzatu".
Errepide tartea itxita
Aingeru Guardako biribilgunean itxi egingo dute bidea, baina Mazmela eta Kuatruena auzoetan bizi direnek ez dute arazorik izango etxera joateko, betiere, kontrolean esanez gero nora doazen.