Dantzaldi berezia iragarri dute domekarako Elgetan. Gérard Godon soinujole frantziarraren zuzeneko musikarekin egingo dute saioa. Herrixa Dantzan ekimeneko arduradun Patxi Monterok jakinarazi du ohikoa den moduan sarrera librea dela eta parte hartzea irekia, baina txapela pasako dutela musikaria ordaintzeko. Jakinarazi du baita ere taberna zerbitzua egongo dela edatekoekin eta pintxoekin.
Gérard Godon
Soinujolea, dantzaria eta dantza sortzailea da Godon. "Frantzian 'folk dantzaldia' (bal folk) deritzon horietako musika estilo goxo berezian, ohikoak dituzten dantzak proposatuko ditu: baltsak, scottish-ak, polkak, mazurkak, Chapelloise, borobilak... eta halakoak. Gehienak ere berak sortutako musikaz", esan du Monterok. Godonek bere diskoak ere ipiniko ditu salgai ekitaldian.
Dantzaldia 19:00etan hasiko da eta bi orduko iraupena izango du. Ekimenak Elgetako Udalaren laguntza du.