Aurtengo prozesuaren berrikuntzak dira iraupena luzatu izana, bi hilabete iraungo du, eta ekimenak bisitatuko dituen herri kopurua; 37 herritan izango dira, iaz baino 21 gehiagotan. Karpa jarriko dute oraingoan ere herri bakoitzean eta han izango dira Lasa bera eta Joseba Muxika Herritarren Partaidetzako zuzendaria. Horren ordutegia izango da 10:00etatik 19:00etara.
16 urtetik gorakoak
Proposamenak 16 urtetik gorako herritarrek eta kolektiboek aurkeztu ahal izango dituzte esku orria bete eta karpan utzita. Tokian tokiko erregistroetan eta Gipuzkoa plazan kokatutako herritarren arretarako gunera ere eraman ahal izango dira. Guztira 300.000 esku orri bidali dituzte Gipuzkoako etxeetara. Horrez gain, Internet bidez ere parte hartu ahal izango da, gipuzkoa.eus/partaidetza webgunean. Informazioa eta aholkularitza ere eskainiko dute partaidetza@gipuzkoa.eus helbide elektronikoan eta 943 11 39 60 telefono zenbakian.
Iaz parte hartutakoen bataz bestekoen adina 45 urtetik gorakoa izan zen. Hori horrela, gazteak erakartzea dela aurtengo erronka handienetako bat aitortu du Lasak. Era berean, ahalegin berezia egin gura dute kolektibo espezifikoengana iristeko, besteak beste, hezkuntza zerbitzuak, aisialdikoak, 16 urtetik gorako gazteak eta adinekoen elkarteak. Gainera, Lasak herrietara egingo dituen bisitak aprobetxatuko ditu zenbait bilera egiteko ekintzaileekin, enpresekin eta hainbat elkartetako eragileekin eta ordezkariekin.
Iaz 1.168 ekarpen
Iaz 1.168 ekarpen jaso zituzten 1.547 lagunengandik, eta aurten, gehiago izatea gurako lukete Lasak adierazi duenez: "Aldundiaren aurrekontuak guztion aurrekontuak dira, lurraldearen lehentasunei aurre egitea da haien xedea, eta horiei geroz eta modu eraginkorragoan aurre egiteko ezinbestekoa da partaidetza".
Egindako eskaera guztiak memoria batean jasoko dituzte irailerako. Proposamen guztiak erantzungo dituztela iragarri dute eta parte-hartzaile guztiei helaraziko diete memoria hori 2018ko urtarrilerako. Eta aurrekontuetarako onartutako eskaera edo proiektuak nola gauzatzen diren jarraitu ahal izango dira.