Oñatiko bazterrak trikiti doinuekin bete dituzte

Mirari Altube Arrese 2017ko api. 29a, 19:33

Bederatzi urte eta gero iritsi da Debagoieneko Trikitixa Eguna Oñatira eta harrera beroa egin diete handik eta hemendik joandako trikitilari, panderojole zein beste hainbat musikariri. Han elkartu dira besteak beste, Bergarakoak, Arrasatekoak, Aretxabaletakoak, Antzuolakoak, Aramaiokoak, Eskoriatzakoak eta Soraluzekoak.

Lizargarate trikitizale elkarteak eta Jose de Azpiazu musika eskolak elkarlanean antolatu dute XIII. Trikitixa Eguna, egun borobila antolatu ere. Luxuzko irakasleak izan dituzte goiz partean egindako tailerretan, besteak beste, Luis Astiazaran, Harkaitz Allur eta Ines Osinaga. Aitor Furundarenak, ostera, soinu txikiaren gaineko kontuak izan ditu berbetarako gai.

Ondoren, hango eta hemengo bazterrak trikiti doinuekin girotu dituzte, betiko kantu alaiekin zein egungo kantu dantzagarriekin. Kalejira egin ostean Sancti Spiritus unibertsitate aurrean jarritako oholtzara gerturatu dira talde guztiak, baita Zumarragatik eta Bermeotik etorritakoak ere, eta kantu bana jo dute.

Bazkaltzeko 400 lagunetik gora elkartu dira Zubikoa kiroldegian, eta bazkalostean jaiak jarraitu egin du. Debagoieneko gazteen taldeak izan dira oholtza gainean arratsalde partean eta gauean eskarmentu handiagoko taldeen txanda izango da, eMePeBos5t eta Los Zopilotes Txirriaus nafarrena hain zuzen ere.

Erlazionatuak

XIII. Trikitixa Eguna

Mirari Altube Arrese 2017 api 29 Oñati

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak