goiena.eus

GOIENA aldizkaria: kudeaketa sostengarria duten basoetatik eratorritakoa

  Ingurumena  Debagoiena

Egubakoitzero argitaratzen den GOIENA aldizkariaren paperak  kudeaketa sostengarria ziurtatuta duten basoetan du jatorria, eta zeregin horretan diharduten langileen eskubideak Lanaren Nazioarteko Erakundearen Adierazpenaren arabera bermatuta daude. Hori egiaztatzen du PEFC  ziurtagiriak (Europako Basogintza Planaren Ziurtagiria). Eta, hain justu ere, ziurtagiri hori eskuratu du GOIENA aldizkariak.

GOIENA aldizkaria da ziurtagiri hori eskuratu duen lehen euskal hedabidea. "Honek bat egiten du Goiena Komunikazio Taldeak ingurumenarekin duen konpromisoarekin", azpimarratu du Iban Arantzabalek, Goiena Komunikazio Taldeko zuzendari nagusiak. Hark esplikatu du "Goienak sozialki egitekoen artean" duela "ingurumenarekiko begirunez" jokatzea: "Eta inportantetzat jo dugu GOIENA aldizkariaren irakurleak eskuetan duen aldizkari hori zein zuhaitz zehatzetatik datorren  jakin ahal izatea, baita ere basoaren ustiaketa modu jasangarrian eta langileendako baldintza egokietan egiten dela ziurtatzea", gaineratu du Arantzabalek.

230 milioi hektarea baso

PEFC mundu mailako lehen baso ziurtagiria da. 30 herritako ziurtagiri sistemak ditu onartuta bere baitan; eta sistema horiei esker, bermatuta dago 230 milioi hektarea baso modu sostengarrian kudeatzen direla.
Behin ziurtagiria eskuratuta, bost urterako balioa dauka; hortik aurrera, urtero egiten dute  baldintzak betetzen jarraitzen direla bermatzeko auditoretza.    

Basoak babestu

"Modu sostengarrian ustiatutako baso batean oso irizpide zorrotzak hartzen dira aintzat; sozialak, ekonomikoak eta ingurumenari dagozkionak: garrantzi ekologikoa duten basoak babestu egiten dira, aniztasun biologikoa hobetuz, basoen konbertsioa eragotziz eta tokiko bizilagunen eta langileen eskubideak errespetatuz", adierazi du Araceli Muñozek, PEFCko Komunikazio eta Marketin arduradunak. Hark gaineratu du PEFCk, besteak beste, basoetatik eratorritako produktuak promozionatzen dituela, papera, esaterako, eta PEFC ziurtagiriak ahalbidetzen duela basoen eta bertatik eratorritako lehengaien transformazioen kudeaketaren jarraipen kontrolatua egitea. Irabazi asmo bako elkarteko ordezkariak gaineratu du basoen kudeaketa sostengarria ziurtatzen duen gaur egungo "proba independente bakarra" dela PEFC ziurtagiria, eta, adibidez, basoen zaintzak "landetako populazioaren garapenean  eta naturarekin lotutako aisialdirako eskaintza handitzen" laguntzen duela.    

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa