goiena.eus

Aramaioarrek bi plaza izango dituzte Aretxabaletako egoitzan

  Gizartea  Aramaio  Aretxabaleta

Orain arte Arrasateko egoitzan bi plaza bermatuta zituzten, baina Arabako Foru Aldundiaren eta Arrasateko Udalaren arteko hitzarmena ez da berritu eta hemendik aurrera Aretxabaletako egoitzako bi plaza bermatuta izango dituzte aramaioarrek.

Aramaioarrek bi plaza izango dituzte Aretxabaletako egoitzan
Aretxabaletako egoitza. | Ikusi handiago | Argazki originala

Gaur egun, aramaioar bat gelditzen da Arrasateko zaharren egoitzan. Hala ere, plaza hori hutsik gelditzen denean, aramaioarrek ez dute aukerarik izango egoitza horretako egoiliar izateko, Arabako Foru Aldundiaren eta Arrasateko Udalaren arteko hitzarmena berritu ez zelako bere garaian; Arrasateko Udalak bi plaza horiek behar zituela azaldu zion Aldundiari bere erabiltzaileentzako, eta, horren ondorioz, ez zuela hitzarmena berrituko.

Aramaioko Udalarentzat ezinbestekoa zen plaza horiek bereganatzea eta, ahal izanez gero, errealitate soziolinguistiko antzerakoa zeukan leku batean izatea. Hala ere, Arrasateko Udalarekin hitzarmena ez berritu arren, Arabako Foru Aldundiak momentu hartan bere horretan utzi zuen kontua, ez zuen alternatibarik bilatu nahi izan –aurreko legealdian izan zen hori, duela sei urte–. Hori ikusita, Aldundiarekin negoziazioak hasi zituen Aramaioko Udalak, "zerbait egin beharra" zegoelako plaza horiek berreskuratzeko, Lierni Altuna alkatearen esanetan. Negoziazio luzeen ostean lortu ahal izan zen helburua.

Aldundiak lehiaketa publikora atera zituen bi plazak eta GSR enpresa bakarrik aurkeztu zen. Beraz, Aretxabaletako egoitzan bermatuta izango dituzte plaza horiek aramaioarrek. "Zentro pribatu bat da, izatez, baina, guretako, publikoa izatea bezala izango litzateke", dio alkateak.  Plaza horiek, behintzat, lortu dira eta Udalarentzat "oso pauso garrantzitsua" da hori. "Zorionez, bi plaza hauek berreskuratu ditugu, herritik nahiko gertu, gainera, eta hori da garrantzitsuena Aramaioko herriarentzako. Alde horretatik, pozik gaude", azpimarratu du Altunak.

Azkeneko tramiteak

Arabako Foru Aldundiak aditzera eman duenez, Aretxabaletako egoitzako bi plazak hilabete barru egongo dira erabilgarri. "Azkeneko tramiteak –kudeaketa, itxaron zerrenda, baldintzak, eta abar– egiten ari dira eta imajinatzen dut laster izango dela. Baina tramite horiek gizarte langileek egiten dituzte eta haien esku dago", onartu du Altunak.

Egoitza baten beharra

Egoera hori ikusita, Aramaioko Udal Gobernuak garbi ikusten du herrian zaharrentzako egoitza baten beharra dagoela. "Bi plaza berreskuratu ditugu, eta ez da gutxi, baina bi plaza txiki geratzen zaizkigula esango nuke. Are gehiago, egoitza txiki bat eduki beharko genuke Aramaion bertan", azaldu du Altunak.
Hala ere, pausoz pauso joan behar dela uste du. "Ezer ez edukitzetik lehengo egoerara bueltatzea lortu dugu, behintzat, eta, oraingoz, ez da gutxi. Jarraituko dugu gai hau lantzen", azaldu du Altunak.

Herrian bertan egoitza izatearen aukera hori, ordea, oraindik nahiko zail ikusten du alkateak. "Arabako Foru Aldundia probintzia mailako gizarte zerbitzuen mapa egiten ari da eta gu, gure egoera berezia kontuan hartuta, gurea aldarrikatzen ari gara, eta behar duguna eskatzen".

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa