Aretxabaletaren eta Mondraren arteko derbi gosez dagoenak betekada ederra har dezake asteburuan, bi kategoriatan elkarren kontra neurtuko dituzte-eta indarrak bi talde horiek. Ohorezko erregionalean aurrealdean dabiltza bi taldeak, baina azken hilabeteotan UDAk gorakada nabarmena egin du, eta zazpi puntura badaude ere, aretxabaletarrek bigarren postuan dagoen Hernani dute begiz jota bost jardunaldi hauetara begira.
Mondrak alderantziz, kategoriara igo berriak direla kontutan izanda oso urte txukuna egiten dabiltza zuri-moreak, baina azken hilabetean txakalaldi betean sartu dira, bost partidutatik lau galdu egin dituzte-eta. Domekako derbian, baina, zeresan gutxi izango du bi talde horiek non dauden sailkapenean; joanekoan, Mojategin, 1-1 egin zuten.
Aloñak sei puntura du salbazioa
Oñatiko taldearendako hil ala bizikoa izan daiteke domekako partidua, azkeneko postuan dagoen Martuteneren bisita izango dutelako. Eta, orain arte ligako txarrenak izan direnen kontrako hutsegitea barkaezina izango litzateke. Azken emaitzak ikusita, Oñatiko taldeak ez du amore eman duenaren itxura, asteak direlako partidurik galdu ez dutena. Baina, garaipenak behar dituzte. Komeni da sei puntura dauden Hondarribia edo Beti Gazte atzealdekoen borrokan sartzea, eta domekakoa izan daiteke aldea txikitzen hasteko lehen pausoa.
Preferentean ere derbia
Zapatuan, berriz, erregional preferenteko derbia izango da jokoan, eta hor Mondra (34) da Aretxabaleta (33) baino puntu bat gehiago izanda postu bat gorago dagoena, nahiz eta biak dabiltzan jaitsiera postuetatik urrundu guran. Bi talde horiek oraindik egiteke dituzte lo lasai egiteko etxerako lanak.
Arizmendiko neskak ere igotzeko borrokan
Emakumezkoen igoera fasean Arizmendik ere mailaz igotzeko borrokan jarraitzen du. Ligan nagusitasun handia erakutsi ostean, igoera fasean hainbat lesio tarteko taldearen mailak beherakada izan zuen, eta hori igarri egin zen emaitzetan. Hala, promozio fasea nahiko ahul hasi zuten, baina azken hiru asteotan errekzionatzeko gaitasuna erakutsi dute, hiru partiduak jarraian irabazi dituzte-eta, tartean, lider dagoen Anaitasunari.
Garaipen horiek taldea berpiztu dute ostera ere, eta matematikoki oraindik posible dute mailaz igotzea (Laugarren daude 10 punturekin). Baina horretarako ezinbestekoa da geratzen diren hiru jardunaldietan emaitza positiboak lortzea. Lehenengo finala domeka eguerdian dute (12:00, Ibarra), Oreretaren kontra.
Mondrako neskak lider, kopan
Emakumezkoen Kopari bi jardunaldi geratzen zaizkio, eta orain momentuan Mondra da lider, 13 puntu batuta –talde batzuek jardunaldi bat gutxiago jokatu dute–. Zuri-moreek atsedena dute, eta laugarren dauden Bergarako neskek Eibarren jokatuko dute.