Gero eta ohikoagoa da ikasleek eta unibertsitateko irakasleek nazioartera jotzea beraien ikasketak edo ikerketa lanak osatzeko. Hori dela eta Mondragon Unibertsitateak International Days ekitaldia antolatu du hurrengo egunetarako. Bertan, 10 herrialdetako 20 bat unibertsitatetako ordezkariak izango dira ikasleek prestakuntza osatzeko eta irakasleek ikerkuntza sendotzeko egiten duten nazioarteko mugikortasunari buruzko esperientziak partekatzeko. Esaterako, gaur egun 776 ikasle ditu atzerrian Mondragon Unibertsitateak, Erasmus programaren eta Europar Batasunaz kanpoko beste programa batzuen bidez. Bertan aldiz, beste herrialde batzuetako 311 ikasle ari dira.
Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoan gauzatuko da nagusiki ekitaldia, baina Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatea eta Enpresagintza Fakultatea ere bisitatzea aurreikusten da. Ekitaldian zehar, Mondragon Korporazioa eta Mondragon Unibertsitatea emango zaie ezagutzera partaideei, hezkuntzaren, unibertsitate-enpresa harremanen, ikerkuntzaren eta kooperatibismoaren ikuspegitik besteak beste.
International Days ekitaldia gaur, apirilaren 27an, inauguratu da eta bertan izan dira Mondragon Unibertsitateko errektore den Vicente Atxa, errektoreorde akademikoa den Jon Altuna eta Nazioarteko Harremanetarako arduraduna den Modesto Mateos. Hauez gain, Kolonbia, Frantzia, Finlandia, Lituania, Turkia, Txekiar Errepublika, Belgika, Grezia, El Salvador eta beste herrialde batzuetako ordezkariak izan dira.