'Gipuzkoa berdinago' egitasmoa jarri du abian Aldundiak hizkuntza portaera bateratu bat adosteko

Mirari Altube Arrese 2017ko api. 24a, 12:46

Bi hizkuntzen erabileran oreka edo berdintasunaren bila eredugarri izan litezkeen jokabide egokiak adostea du helburu Gipuzkoa berdinago egitasmoak, eta horretarako lurraldean erreferentzia diren hainbat erakunderengana jo du Aldundiak. Erakunde horietako ordezkariek gaur egin dute lehen bilera Markel Olano diputatu nagusiak gidatuta.

"Hizkuntza berdintasunean sakondu eta eredu orekatuagoak gizarteratzeko asmoarekin" elkartu da gaur, apirilak 24, Gipuzkoa berdinago lan taldea diputatu nagusiarekin. Han izan dira besteak beste ondorengo erakundeetako ordezkariak: Osakidetza, Kaiku, Mondragon, Adegi, CAF, Laboral Kutxa, Real Sociedad, DYA, Donostiako Udala, Bera-Bera eskubaloi taldea, Eibar KE, EHU-UPV eta Kutxabank.

Lehen bilera horren ondoren Olanok zera adierazi du: "Bi hizkuntza ofizial ditugu lurraldean, baina bistakoa da bien erabilera ez dela orekatua. Esparru batzuetan euskararen presentzia oraindik txikia da, nahiz urratsak egiten ari garen. Herritarrari bermatu nahi diogu bi hizkuntza ofizialetatik nahi duenean jarduteko askatasuna, baina gaur gaurkoz errealitateak erakusten du aukera hobeak daudela gaztelaniaz". Ildo horretatik, diputatu nagusiak azaldu duenez, aukera berdintasuna sustatzeko, "ezinbestekoak dira jarrera orekatzaileak, hau da, euskaraz gehiago edo bakarrik egingo duten iturri eta bide berriak zabaltzea".

Gipuzkoan erreferentzia diren erakundeak

Hori horrela, lurraldean erreferentzia diren erakunde batzuk elkartu eta gipuzkoarren aurrean oreka horren bila eredugarri izan litezkeen jokabide egokiak adostu gura ditu Aldundiak. Hainbat lan saio egingo dituzte datozen hilabeteetan eta komunikazio esparru jakin bat landu –prentsaurrekoak, jendaurreko ekitaldiak, idatzizko komunikazioa…–; baita zehaztu ere horietako bakoitzeko praktika orekatua. Dinamikaren gidaritza teknikoa Soziolinguistika Klusterrak eramango du.

Egitasmo horrekin Gipuzkoak ekarpena egingo dio Soziolinguistika Klusterrak dinamizatzen duen Jendaurrean erabili proiektuari; horren helburua da erakunde eta enpresen jendaurreko euskarazko komunikazioan laguntzeko baliabideak eskaintzea.

Euskal Herriko beste lurraldeekin alderatuta Gipuzkoa dela "testuinguru soziolinguistikoa euskararen aldekoen duena" nabarmendu du Aldundiak: "Gipuzkoan elebidunak direnen kopurua beste lurraldeetan baino nabarmenki handiagoa da, eta joera hori areagotuz doa". 2011ko V. Inkesta Soziolinguistikoaren arabera, 16 eta 24 urte bitarteko Gipuzkoako gazteen % 77,4 elebiduna zen, eta "datu horiek goranzko joeran jarraitzen dute urtez urte".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak