Iazko hornitzailerik onena izan da Fagor Ederlan General Motors konpainia multinazional ospetsuarentzat. Kooperatibaren berrikuntza eta bere produktuen kalitatea nabarmendu dute sari emaileek. Bestalde, Fagor Ederlanen Borjako (Zaragoza) lantegiak ere aipamen berezia jaso du.
Martxoaren 31n egin zuten sari banaketa ekitaldia Orlandon (Florida, AEB), eta, hain zuzen, sari banaketa honen 25. edizioa ospatu zuten. “Industriako hornitzailerik trebeenak ezagutu eta lankide izateko pribilegioa dugu” edota “zuekin dugun elkarlanaren balioaren bidez, gure bezeroek eskatzen duten ibilgailu, zerbitzu eta esperientzia eskainiz jarraituko dugu” izan ziren GMko zuzendariorde Steven Kieferren berbak.
Fagor Ederlanek eta Gerenal Motorsek 40 urte baino gehiago daramatzate "negozio harreman egonkorra" mantenduz. Urteko 110 milioi euroko salmenta kopurua du Fagor Ederlanek, eta gaur egun, GMren galga, esekidura, transmisio, modulu eta ardatzetarako hornitzailea da.