Euskal Herriko Batukaden Topaketa (EHBT) 2013. urtean sortu zuen Lasarte-Oriako Dinbi Banda batukada taldeak. Urtero ospatzen dute ordutik eta aurten Arrasate hautatu dute topaleku. 200 perkusio-jole inguru elkartuko direlakoan daude antolatzaileak, taldeka edo bakarka. "Euskal Herriko batukaden bilgune izatea da festa honen helburua. Festa fresko eta erakargarri bat sortzea da beti asmoa, parte-hartzaileentzat zein herritarrentzat", diote antolatzaileek.
Egun guztiko jaia
Oraindik ez dute guztiz zehaztu egitaraua eta urtero berritasunak izaten direla iragarri dute, hala ere ardatz nagusia honako hau izaten da: batukada taldeen emanaldiak herrian zehar, haurren tailerrak, parte-hartzaileentzat tailerrak, poteo girotua, partaideen herri bazkaria, ekitaldi nagusia taldeen emanaldiekin, sanbodromoa eta festari amaiera emateko kontzertua.