Diputazioak errenta aitorpena euskaraz egitera animatu ditu herritarrak

Jokin Bereziartua Lizarazu 2017ko api. 12a, 12:35

Herritar bat errenta aitorpena egiten, Bergarako bulegoan.

Atzo, apirilak 11, ireki zen errenta aitorpen mekanizatua egiteko hitzordua hartzeko epea. Horren harira,  Foru Ogasunak errenta aitorpena euskaraz egitera animatu ditu aurten ere herritarrak. "Urtetik urtera gero eta aitorpen gehiago jasotzen ditugu euskaraz, baina oraindik gutxiengoa gara", dio Ogasun diputatu Jabier Larrañagak. 2015eko kanpainan, aitorpenen %15,5 egin zen euskaraz.

Larrañagaren arabera, Ogasuneko arreta zerbitzuak aurrez aurre, telefonoz edo telematikoki, prest daude zergadunek aukeratzen duten hizkuntzan erantzuteko: "Erabilera sustatzea dugu orain erronka".

Diputatuak azaldu duenez,  azken hamarkadan bikoiztu egin da aitorpena euskaraz aurkezten dutenen kopurua baina oraindik aurkezpen guztien %15 bakarrik dira euskaraz eginak. Zehazki, 2015ko errenta kanpainan guztien %15,5 izan ziren: "Bilakaera positiboa da oso, urtetik urtera 3.000-5.000 aitorpen arteko hazkundea izan baitugu azken hamarkadan euskaraz aurkezten diren aurkezpenen kopuruan. Ehunekotan, urtero puntu bat hazten joan gara".

Hiru dira errenta aitorpena aurkezteko moduak: autolikidazio proposamenak, mekanizatua edota Internet bidez. Lehen modalitatean euskaraz egiteko, hizkuntza hori aukeratu behar da onarpena egiterako orduan, internetez zein telefonoz. Errenta mekanizatua, berriz, Ogasuneko bulegoetan egiten da, teknikarekin aurrez aurre, eta kasu horietan nahikoa da aitorpena euskaraz egiteko nahia adieraztea. Azkenik, Interneteko ZergaBidea aplikazioan euskara aukeratu eta aitorpena euskaraz egin behar da, besterik ez.

Aitorpena era mekanizatuan egiteko epea zabalik

Bestalde, atzo, hilak 11, ireki zen errenta mekanizatua aurkezteko hitzordua hartzeko epea. Autolikidazio proposamenik jaso ez duten zergadunek jada aukeratu dezakete eguna eta ordua esteka honetan.  Proposamena jaso baino ados ez daudenek, berriz, apirilaren 20tik aurrera hartuko dezakete hitzordua. Bulegoak astebete barru hasiko dira lanean, apirilaren 18an, eta kanpaina ekainaren 26an amaituko da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak