Lehen Hezkuntzako hirugarren mailatik hasi eta seigarren mailara arteko neskak elkartu dira atzo eta gaur Aretxabaletako Ibarra futbol zelaian, futbolaren bueltan. Zein den helburua? Honela azaldu du Realeko nesken futbol taldeko kirol arduradunak: "Aukera izan dezatela. Ez dezatela urruti ikusi futbolari izate hori; aukerak izan behar dituzte eta gure eginbeharra da aukera horiek ematea".
Bi entrenamendu saio egin dituzte, eta askorendako lehen harremana izan da futbolarekin. Kasu horietan Realeko arduradunek argi dute zein den eman beharreko lehen agindua: "Baloia da zuen lagunik onena orain bertan, ondo zaindu behar duzue. Horixe da gure abiapuntua".