Gaur ekingo diete Elgetan Intxortako erresistentziaren 80. urteurreneko ekitaldiei

Larraitz Zeberio Lekuona 2017ko api. 20a, 08:00

'Memoriaren ganbaratik' ikus-entzunezkoaren irudi bat.

Domekan, hilak 23, egingo dituzte urteroko errekreazioa eta omenaldi ekitaldia. Aurten, gerran urteetan hildako elgetarrak omenduko dituzte. Gaur hasita, ordea, memoria historikoarekin lotutako hainbat ekitaldi daude iragarrita. Lehenengo  Memoriaren ganbaratik ikus-entzunezkoaren emanaldia da.

Intxortako erresistentziak zortzi hamarkada betetzen dituen honetan Frankismoaren inpunitatearekin amaitzeko eskatuko dute, ozen, Elgetan. Ekitaldi nagusiak —Intxortako borrokaldien errekreazioa eta omenaldia— apirilaren 23rako iragarri dituzte, baina lau eguneko egitaraua da prestatu dutena. Hain zuzen ere tropa frankisten eraso gogorrenak izan ziren lau egunetan. Nabarmentzen dira ikus-entzunezko bat, bi antzezlan, hitzaldi bat eta bisita gidatu bat.

Lehenengo ekitaldia gaur

1936an Elgoibarren gertatutakoak jasotzen dituen Memoriaren ganbaratik ikus-entzunezkoa emango dute, gaur, 19:30ean, Elgetako udaletxean. Intxortako erresistentziaren 80. urteurreneko lehen ekitaldia izango da. Borrokaldien errekreazioa egiteko erabiltzen den materialarekin grabatu dute dokumentala eta irudikatzen du tropa frankistak Elgoibarren sartu zireneko unea.

Bihar, atzerriko bi idazle izango dira protagonista: Robert Egby eta Nicholas Rankin. Hitzaldia egingo dute 18:30ean, udaletxean. Egby nobela historikoan dago espezializatua. Duela lau urte hasi zen 1936 gerra aztertzen eta For the Love of Rose: a journey in three worlds idatzi zuen. Gertaerek 1937ko Durangora eta Elgetara bultzatzen ditu bi protagonistak.

Bigarren hizlaria, Nicholas Rankin da. Idazle eta irrati kazetari britainiarra da. Elgetan bere bigarren liburuari buruz arituko da: Telegram from Guernica. George Steer gerra korrespontsalaren biografia jasotzen du.


Zapatuan antzerkia, bisita eta musika

Egun handiaren bezperan 43º13’44’N antzezlana ikusteko aukera izango dute bisitariek 12:30ean eta 18:30ean. Formatu txikiko ikuskizuna da eta udaletxean egingo du Olatz Gorrotxategi dramaturgo et antzezleak. Erregimen frankistak erbesteratu eta inoiz itzuli ez ziren biktimak ditu oinarri antzezlanak.

18:00etan gerra garaiko Elgeta ezagutzera emateko bisita gidatua egingo dute herrian eta 19:30ean orkestra elektrotxarangak girotuko ditu kaleak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak