Mondragonek Industri Arloaren 2016ko bilakaeraren balantzea aurkeztu du

Jokin Guridi 2017ko api. 10a, 13:49

Positibotzat eman dute urtea, besteak beste 908 lanpostu sortu eta 280 milioi euro inbertsiotara bideratu direlako. Atzerrian duen presentziak garrantzia handia izan du bai salmentatan baita lanpostu berriak sortzerakoan ere.

Mondragonek balantze positiboa egin du Industria Arloaren 2016ko bilakaeraz. Ekitaldiko daturik nabarmenena da batez beste 908 lanpostu berri sortu direla, eta dagoeneko 33.919 lagun enplegatzen ditu oro har. Atzerrian sortutako lanpostuak 494 izan dira, bertan sortu direnak baino gehiago. Inguruan sortu diren lanpostuak 414 izan dira. Gaur egun, Mondragoneko Industri Arloaren enplegu totalaren %35,7a atzerrian aurkitzen da, kooperatibetako nazioarteko filialetan.

Izan ere, Industri Arloko nazioarteko ibilbidea sendotzen ari dela berresten duen datua da atzerriko produkzioa dagoeneko guztizkoaren %28,6 dela. Datu horren igoeran eragina izan dute Txinako lantegi produktibo berriak irekitzeak (Maier eta Copreciren 2. lantegia), Mexikokoak (Cikautxo eta Fagor Ederlan), Errumaniakoak (Cikautxo) eta Oronak Europako zenbait herrialdetan erositako enpresek. Mondragonen presentzia globalari dagokionez, nazioarteko 9 ordezkaritza korporatibo dituelarik, esan behar da dagoeneko 140 lantegi dituela atzerrian.

Mondragoneko Kontseilu Orokorreko lehendakari Iñigo Ucinek oso positibo baloratu du industri arloaren ekitaldia, eta, adierazi duenez, bere bilakaerak “eragin du lanpostuak sortzeko dinamikan jarraitzea”. Halaber, egindako inbertsioen maila nabarmendu du, izan ere, “280 milioi euro baino gehiago izan dira, lantegi produktibo berriak martxan jartzera eta prozesuen efizientzia hobetzera zuzenduta, lehiakortasuna irabazteko”. Aurreko ekitaldian egindakoak baino %33 gehiago izan dira.

Salmentak egonkor mantendu dira, 2016an lortutako salmenta maila 5.035 milioi euroraino igo da, zifra hori aurreko ekitaldian lortutakoaren antzekoa izanik. Salmenten azterketatik ondorioztatzen da horien %70,7 nazioarteko salmentak izan direla, eta gainerako %29,3a merkatu estatalekoak. Azken horiei dagokienez, esan daiteke hirugarren urtez jarraian hazi egin direla, zehazki %1,7, aurreko urtean egindakoekiko.

Berrikuntzaren alorrean, 1800 pertsona aritu dira 2016an zehar esklusiboki I+Gan lanean, hainbat teknologiatan espezializatutako zentrotan. Batez ere lau arlotan aritu dira lanean: fabrikazio aurreratua, lehengaiak, big data eta Smart cities. Oro har 150 milioi euro baino zerbait gehiago bideratu dute I+Gra eta industri arloaren salmenten %12 inguru aurreko bost urtean ez zeuden produktu eta zerbitzu berriak izan dira.

2017ari begira, helburu nagusietakoa da “ekintzailetzaren ekosistema” bat sortzea, korporazioko eragile ekintzaile guztiak elkartuko dituena, elkarrekin koordinatuta interakzioan jarduteko, ezagutzak eta esperientziak partekatzeko eta, horrenbestez, kooperatiben gaur egungo negozioak berritzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak