Goizean sartu da Korrika Iruñera eta eguerdian egin dute amaierako ekitaldia Pablo Sarasate pasealekuan. Euskalgintzako eragileek egin dituzte azken metroak. Iruñeako alkateak ere eraman du lekukoa eta baita Nafarroako parlamentuak. Bukaerara heltzeko bi kilometro falta zirenean hartu du lekuko hori presidenteak, Ainhoa Aznarez antzuolarrak.
Otxandion hasi zen 20. Korrika martxoaren 30ea eta gaur bukatu da. Zazpi herrialdetan barrena 2.557 kilometro egin dituzte herritarrek euskararen alde. Euskarazko hedabideek elkarlanean egindako lanarekin eman zioten hasiera, eta amaieran ere horrelaxe egin dute; telebista saio bateratu bana egin dute. Eta hantxe egon da GOIENAko Aitor Agiriano kazetaria.
Amaierako ekitaldian AEKko ordezkariek egin dute berba eta segidan, lekukoak barruan eraman duen testua entzun da egilearen ahotik. Joseba Sarrionandia idazleak idatzi du testu hori. Hauxe da testua osorik:
"Alfabetatzearen, euskalduntzearen, ikastolen, euskara batuaren, literaturaren, prentsa idatziaren, irratiaren, telebistaren eta KORRIKA askoren ondoren, azken berrogei urteotako biziberritzearen ondoren, euskararen aldeko mugimendua egonkortu egin dela esaten da, normaltasunaren alde aurrerapauso handiak egin eta normalitate moduko batean lasaiturik edo trabaturik gelditu dela euskaraz bizi ahal izateko asmo kolektiboa.
Euskararen alde egitea normaltasunaren kontra egitea da oraindik. Aukerak eta maukerak egin behar izaten ditugu euskaraz bizi nahi dugunok. Belaunaldiak daramatzagu behetik gora elkartzen eta ekiten, erresilientzia honetan, goitik behera ezartzen zaizkigun lasaigarri kulturalak eta traba politikoak gainditzeko. Badugu motibo bat: badugu altxor partikular bat balio unibertsala duena, ispilu batean bezala islatzen dela bizitza hizkuntzan.
Hizkuntzan ikusten du bere burua edozein pertsonak zein komunitatek, oharkabean bada ere, eta hizkuntza kaltetua ispilu apurtua bezalakoa izaten da. Hizkuntza bat desagertzen denean, mundu guztiak galtzen du bizitza ikusteko eta azaltzeko modu berezi bat. Balioa du norberarena denean eta beste batzuena denean ere bai. Euskara, beste hizkuntzak bezala, altxor unibertsal bat da, denona delako, agortzen ez delako eta dohainekoa delako.
Denona da, dena pribatizatzen ari den sasoian. Ez da agortzen erabiliz gero, gauza gehienak erabiliz gero bota behar izaten diren egunetan. Eta dohainik erabiltzen dugu, gehien gehiena ordaindu behar izaten denean. Euskara noranahikoa da, baina gutako bakoitzaren baitan dago. Lapur altxorra bezalakoa balitz bezala edukiko dugu zulo ilunen batetan ezkutaturik? Konturatzen zara goizetan ohetik jaikitzean ezti tanta gozo bat bezala senti dezakezula ezpainetan?"