"Oso ibilbide zaila eta gogorra izan da, Estatu espainolak eta frantsesak ahal bezain beste oztopo eta arazo jarri dituztelako, garaitu eta garaileen eskeman tematuta, polizia bidean gotortuta". Berba horiekin hasten du ETAk ohar laburra.
Dena den, dio ETAk, "zorionez", gizarte zibilak "urratsa egin" duela eta "usteltzeko bidean" zegoen "blokeo egoera askatzeko" ekarpen "erabakigarria" egin duela, armagabetzearen ardura politikoa eta teknikoa gizarte zibilak bere gain hartuta. Prozesuak euskal erakundeen aldetik izan duen "babesa" ere nabarmendu du ETAk.
Biharko -zapatuan Baionan egingo da ekitaldia- armagabetze egunari ere egin dio erreferentzia erakundeak esanez oraindik prozesua ez dela amaitu eta ohartarazi du armagabetze prozesuak "bakearen etsaien erasoaldiak" jasan ditzakeela.
Armagabetzearen alde Baionan bihar, zapatua, bilduko diren "milaka eta milaka" herritarrak dira "aurrerabidean segitzeko berme bakarra", ETAren esanetan.
Bost paragrafo dituen oharra amaitzen du zera esanez: "Euskal Herriaren alde egiteko hartu genituen armak eta Euskal Herriaren esku utzi ditugu orain, gure herrian bakea eta askatasuna lortzeko bidean urratsak egiten segitzeko, konponbidearen agendan aurrera egiteko konpromisoak hartu behar direlako".