Debagoiendarrena da orain lekukoa

Ubane Madera 2017ko api. 7a, 07:44

Korrikari ongi-etorria emateko eta ondoren ekitaldi ugari egingo dituzte datozen orduotan eskualdean; tartean, ikastetxeek antolatutako Korrika txikiak –gaur, barikua, goizean eta arratsaldean–; Korrika nagusia, berriz, gauerdian iritsiko da.

Osintxutik, Antxintxika Triatloi taldeak lekukoa hartuta sartuko da Korrika Debagoienean, gaur –egubakoitza– gauerdian, 00:08 inguruan. Bergara eta Antzuola zeharkatu ondoren, 01:38 aldean lagako du Debagoiena, Antzuolatik, herri kilometroa baliatuta –herritarren ekimenez dirua batuta eskuratzen den kilometroari esaten diote herri kilometroa; Antzuolan otar eder baten zozketa antolatu dute dirua batzeko, eta hiru herri kilometro eskuratu dituzte modu horretan–.
Gero, biharamunean atzera ere Debagoienean izango da euskararen aldeko lasterketa; Oñatitik sartuko da, bertako udalak lekukoa hartuta Udana gainean 11:27an, eta Arrasate, Aretxabaleta eta Eskoriatza zeharkatu ondoren, Leintz Gatzagatik aterako da, han ere herri kilometroa baliatuta, 14:53an –angulen eta otar berezien zozketa bidez eskuratu dituzte hiru kilometro; Antzuolan eta Leintz Gatzagan bakarrik egin dute hori–
Hala, euskara aldarrikatzen 46 kilometro, eta ehunka ekintza utziko ditu Korrikak bere zeharkaldian Debagoienean.

Korrikarako aholkuak

Korrikan parte hartzerakoan ezustekorik ez gertatzeko hainbat gomendio helarazi dituzte Debagoieneko Korrikaren ordezkariek:

  • Ez da lasterketa Korrika euskararen aldeko ekimena da, eta errespetatu behar da bizkor doan partaidea zein poliki doana.
  • Lekukoak markatzen du jarraitu beharreko erritmoa. Ez jan lekukoa.
  • Lekukoa eraman behar dutenak 15-20 minutu lehenago bertaratu behar dira.
  • Antolakuntzak esaten duena bete, uneoro.
  • Errespetatu jendea. Jende askok parte hartzen duenez, kontu izan non zapaltzen den. Nahi den azkena da jendeak min hartzea.
  • Neurtu norberaren gaitasunak. Eta horren araberako distantzian egin korrika. Gogoan izan gero bueltatu egin beharra dagoela.
  • Oinetako egokiak jantzi.

Goienaren Jarraipena

Goiena Komunikazio Taldeak medio guztien bitartez egingo dio jarraipena.

  • Goiena.eus Uneoro.
  • Goiena telebista: Zapatuan 22:00etan saio berezia emitituko du; eta domekan saio bera ikusteko aukera izango da 13:15ean eta 19:00etan eta martitzenean, 21:00etan.
  • Korrikaren amaiera: Zuzeneko jarraipena egingo zaio amaiera ekitaldiari, 11:45ean hasita, Goiena telebistaren zein Goiena.eus-en bitartez.
  • 'Puntua' berezia: Eguaztenean Puntua aldizkariaren 19.000 ale banatuko dira, ale berezi modura. 22 orriko jarraipena eskainiko dio Puntuak Korrikari.

Ongi etorria Iruñean

Gero, Leintz Gatzagatik aurrera egin eta Dulantzirako –Araba– bidea hartuko du Korrikak, handik Nafarroara sartu eta Korrikak egin behar dituen 2.500 kilometroak Iruñean bukatzeko, domeka eguerdirako. Hain justu, 12:30ean egingo zaio ongi etorria lekukoari, Foruen Monumentuaren ondoan izango den ekitaldian. Azken bost kilometroetan Euskaltzaindiako, Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Elkarteko, Ikastolen Elkarteko, Kontseiluko eta jakina, AEKko ordezkariek eramango dute lekukoa.
Hantxe, Foruen Monumentuaren ondoan irakurriko dute lekukoak barrenean daraman mezua, domekara arte sekretua dena. Eta horren ondoren segituko du jaiak Korrikaren bukaera gehien ezagutu dituen hiriburuan; izan ere, umeendako ekitaldiak, kontzertuak –Gatibu, Altxatu, Sorkun…–, azokak, tonbola eta beste hainbat ekitaldiz jantziko dute amaiera festa hori, antolatzaileen esanetan "itzela" izango den ekitaldia. Debagoienetik, gutxienez, bi autobus bertaratuko dira, dagoeneko beteta daudenak.  

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak