'Baduzu', euskal kontsumitzaileen kluba aurkeztu da

Itziar Larrañaga Sarasola 2017ko api. 6a, 10:15

Baduzu.eus webgunearen hasierako orria

Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak, Hizkuntza Eskubideen Behatokiak eta Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteak aurkeztu zuten atzo Baduzu.eus. Euskarazko salerosketak sustatzeko kluba da, eta euskara mailaren arabera sailkatutako Euskal Herriko 4.000 establezimendutik gora eskaintzen ditu webguneak.

Kontseiluak, Behatokiak eta Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteak, bakoitzak bere eremuan, euskararen normalizazioa daukate helburu, eta bide horretan, Baduzu alor sozio-ekonomikoan eragiteko xedez sortutako tresna da.

Baduzu-ren helburu nagusia euskaraz bizitzeko, hizkuntza honetan saldu eta erosi nahi dutenak harremanetan jartzea da. Hau da, euskarazko kontsumo komunitatea eraiki eta aktibatzea. Euskara kalitatezko kontsumoaren ikur eta horretarako irizpide dela transmititu nahi diote herritarrei.

Baduzu.eus webgune partehartzailea
Geolokalizazioari esker, webgunean dauden 4.000 establezimenduen artean norberari gertuen dituenak azalduko zaizkio. Bilaketak egiteko aukera ere ematen du horretarako iragazki ezberdinak eskainiz.

Erabiltzaileek establezimenduak baloratu eta berriak gehitzeko aukera ere izango dute. Honetaz gain, foro bat ere badago ekarpenak egiteko eta kontsumitzaileak harremanetan jarri ahal izateko.

Akuilari aplikazioa
Hizkuntza Eskubideen Behatokiak, Akuilari aplikazioaren bidez, herritarrek euskara erabiltzeko zailtasunak izaten dituzten kasuetan egindako kexak jasotzen ditu. Baduzu aplikazio horrekin lotuta dago, eta aplikazioaren bitartez establezimenduak zoriontzeko edo kexa bat jartzeko aukera izango dute erabiltzaileek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak