Ekoizle eta nekazari talde bat gizarte-ekonomian trebatzeko jardunaldiak egin ditu Mondragon Unibertsitateak Kolonbian. Bertako unibertsitate nazionalak gonbidatuta Holandako Wageningen unibertsitearekin batera egin dituzte jardunaldiok.
Mondragon Unibertsitateko kideek astebetez jardun dute Kolonbiako nekazarien ordezkaritza bati kooperatibismoa zen den azaltzen. Bost hamarkadatako gatazka armatuaren ondoren eta bake-agertokiak eskaintzen dituen aukerak baliatuz etorkizunera begira hartu beharreko erabakien garrantziaz ohartarazi dituzte ekoizle eta nekazari kolonbiarrak.
Kooperatibismo aurreratua
“Kolonbiak badu berezko kooperatibismo esparru bat, baina ez du zerikusi handirik Euskadiko mugimendu kooperatiboarekin”, adierazi dute Mondragon Unibertsitatetik. “Gizarte ekonomiatik hurbilago dagoen eredu bat ezarri nahi dute euskal kooperatibismoa eta beste hainbat erreferentzia hartuta. Kolonbiako politikaren, ekonomiaren eta hezkuntzaren alorretako eragileen azken helburua herrialdearen garapen ekonomikoa eta soziala ekarriko duen eredua ezartzea da. Horretarako honako printzipioak erabiliko dituzte: erantzukizun kolektiboa, elkarlaguntza, ahalegina, berdintasuna, elkartasuna, ekitatea eta demokrazia zuzena”.