Intxortako erresistentziaren 80. urteurreneko ekitaldiak aurkeztu dituzte

Larraitz Zeberio Lekuona 2017ko api. 5a, 13:52

Intxortako erresistentziak zortzi hamarkada betetzen dituen honetan Frankismoaren inpunitatearekin amaitzeko eskatuko dute, ozen, Elgetan. Errekreazioa egingo dute hilaren 23an, eta herriko 32 biktima omenduko dituzte ondorengo ekitaldian. Aurretik, apirilaren 20an hasita, hainbat ekitaldi egingo dituzte.

Ekitaldi nagusiak —Intxortako borrokaldien errekreazioa eta omenaldia— apirilaren 23rako iragarri dituzte, baina lau eguneko egitaraua da prestatu dutena. Hain zuzen ere tropa frankisten eraso gogorrenak izan ziren lau egunetan.

Iraitz Lazkano alkateak nabarmendu du aurten justizia eskaerarekin zegoen zorrari begira egin duela Udalak ahalegin berezia. Memoria jardunaldiak egin zituzten urrian, eta Frankismoaren krimenen aurkako kereilan sartzeko erabaki hartu zuen udalbatzak aho batez. Biktimen testigantzak jasotzeko bulegoa ere zabaldu zuten urte hasieran, eta jaso dituzte testigantzak. "Testigantza horiek lagundu digute ezagutzen ez ziren kasu batzuk eta hobi batzuk ezagutarazten. Uste dugu oso aberasgarria izan dela", esan du alkateak. "Testigantzen bulegoak balio izan du baita ere aurtengo omenaldia prestatzeko". Frankistek hildako elgetarren izen-abizenak elkartzen saiatu dira, eta  32 laguneko zerrenda osatu dute. "Zerrenda hori aurretik ezagutzen ziren kasuekin dago osatuta eta baita ere gerora etorri diren beste testigantza horiekin ere". Askotariko kasuak daudela adierazi du alkateak: gizonezkoak, emakumezkoak, herrigunekoak, auzoetakoak, frontean hildakoak, zibilak...". Guztiek jasoko dute omenaldia apirilaren 23an Elgetako frontoian. Bazkaria ere antolatu dute aurten. Txartelak laster izango dira salgai udaletxean.

Ekitaldiak lau egunez

Aurreko egunetarako ere iragarri dituzte hainbat ekitaldi. Nabarmentzen dira ikus-entzunezko bat, bi antzezlan, hitzaldi bat eta bisita gidatu bat. Informazio guztia eskuragarri dago elgeta.eus atarian.

Ekintzok antolatzeko Intxorta 1937 kultur elkarteko kideen laguntza izaten dute urtero Elgetan. Frankismoaren inpunitatearekin amaitu beharra dagoela azpimarratu dute eta adierazi dute Elgetako Udala Frankismoaren aurkako kereilan sartzea eredugarria dela gainerako guztiendako. "Justizia behar dugu Faxismoaren inpunitatearekin amaitzeko eta horrelakorik berriz ez gertatzeko", esan du elkarteko kide Nerea Villak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak