Azkar pasako dira Debagoienetik, herriak ez dituzte-eta barrutik zeharkatuko. Berrogehi minutu baino ez dituzte egingo gurean; 14:00ak aldera iritsiko dira Eskoriatzara, eta handik, sahiesbidetik Elorregiraino jaitsi ostean, Oñatirantz (14:38) hartuko dute, Udana gainetik (14:50) Legazpirako bidea hartzeko. Etapa hasiera denez ikusteko dago ihesaldi saiakerarik egongo den, ala tropel osoa batera pasako den. Hala, aurreikuspena da 17:30ak aldera ziklistak Donostiara iristea.
Zapatuan, erlojupekoa gurean
Zapatua izango da, baina, Euskal Herriko Itzulia gurean gehien gozatzeko eguna. Itzuliko azken etapa izango da, eta Eibarren hasi eta amaituko den erlojupekoan erabaki dezakete nor izango den aurtengo ziklista indartsuena. Erlojupekoan, hasierako kilometroetan ziklistek Eibartik Elgetara igo beharko dute, alegia, Karabieta igo beharko dute. Ondoren, Bergara aldera jaitsi eta Osintxutik barrena Soraluze aldera joko dute txirrindulariek, Eibarko Untzaga plazara itzultzeko. Espezialistentzat edo forma onean dauden txirrindularientzat ibilbide egokia da, beti ere haserako igoeran indarrak ondo neurtzen badituzte. Eta, batez ere, Elgetara arteko zatia ikusgarria izango da ikusleendako.