Aurrealdeko postuak gehiago estutzeko aukera aparta dute ibarreko ordezkariek asteburuan. Zapatuan, laugarren dagoen Mondrak (46) lider dagoen Anaitasuna (54) hartuko du Mojategin (16:30), eta domekan hirugarren dagoen Aretxabaletak (51) bosgarren dagoen Real Unionen (45) bisita izango du. Aretxabaletak lehenengo itzulian falta izan zitzaion erregulartasuna lortu du, eta Mondrak atzerapausoa egin du aurrekoen borroka horretan, etxetik kanpora galdutako azken bi partiduen ondorioz. Zubiaren mutilek, baina, azarotik ez dute etxean partidurik galdu.
Aloña Mendik beste final bat
Joan den asteko garaipen garrantzitsuaren ostean (2-1), Oñatiko taldeak hil ala biziko beste partidu bat izango du, ostera ere Azkoagainen (Domeka, 16:30). Izan ere, Urzelairen mutilek (25) postu bat gorago dagoen Hondarribia (29) izango dute aurrean. Ezinbestekoa da garaipena Hondarribia ere atzealdekoen saltsan sartu arazteko
Bergarak ere etxean
Beheragoko kategorietan ere partidu garrantzitsuak egongo dira jokoan. Lider jarraitzen duen Bergarak Lagun Onak hartuko du bihar Agorrosinen (17:00), eta Antzuolak ere lehenengo postua defendatzeko partidua jokatuko du Donostian bihar (19:30, Vasconiaren kontra).
Emakumezkoetan, derbia
Igoera fasean dabilen Arizmendik Mutriku hartuko du bihar (11:00), eta Bergarak eta Mondrak derbia jokatuko dute kopa barruan (Domekan, 17:00, Ipintzan).