Korrikarekin bat egiteko deia egin die debagoiendarrei bailarako EH Bilduk

Amaia Txintxurreta Guridi 2017ko mar. 29a, 17:01
Debagoieneko EH Bilduko ordezkariak, Korrikan parte hartzeko deia egiten.

Agerraldia egin dute bailarako EH Bilduko ordezkariek Oñatin, debagoiendarrei Korrikan parte hartzeko deia eginaz eta euskara erabiltzeko mezua zabaltzeko asmoz.

Bergarako eta Aramaioko ordezkariak falta izan dira agerraldian, baina Debagoieneko EH Bildutik adierazi dute ekitaldi horren bitartez Korrikari ongietorria eman nahi izan diotela eta bertan parte hartzera animatu dituzte herritarrak.

Aurtengo Korrika 20. urtez egingo da. Eta agerraldian adierazi dute atzetik urte gehiagoko "lan sendoa" ere badagoela euskara eguneroko tresna komunikatibo naturala izan dadin. Egindako lana "handia" izan dela aitortu dute, baina gaineratu dute, hala ere, oraindik badagoela zer egina.

Korrika Debagoienean

Aurtengo Korrika hurrengo asteko egubakoitzean, apirilaren 7an, iritsiko da Debagoienera Bergaratik, eta Antzuolarako bidea hartuko du gero. Udanatik Oñati aldera jaitsiko da zapatu goizean, apirilaren 8an, eta Leintz Gatzagarainoko bidea egingo du, bailarako herriak zeharkatuz. Antzuolako alkate Beñardo Kortabarriak esan du aurtengoa "jendetsua" izango dela uste dutela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak