Manu Muniategiandikoetxeak egin du aurtengo Donostiako Musika Hamabostaldiaren kartela

Eneko Azkarate 2017ko mar. 27a, 20:44

Manu Muniategiandikoetxeak (Bergara, 1966) egin du aurtengo Donostiako Musika Hamabostaldiko kartel ofiziala. Alexander Rodchencoren sail bateko artelanean arnas hartutako pieza abstraktu bat da 78. Musika Hamabostaldiak irudi izango duen abiapuntua. Duela urte bikoa, 76. aldikoa, beste bergarar batek egin zuen: Jesus Mari Lazkanok; iazkoa, ostera, Elena Odriozolak.

Izan ere, kartel honekin Manu Muniategiandikoetxea Hamabostaldiaren irudi ofiziala sortu duten artisten zerrenda luzean sartu da non, besteak beste, izen hauek ageri diren: Eduardo Chillida, Vicente Ameztoi, Jose Luis Zumeta, Cristina Iglesias….

Pintatzeko prozesua eta kartela sortzekoarena azaltzen du Muniategiandikoetxeak kartelaren aurkezpen bideoan: "Forma abstraktu bat da, hau da, eskultura bat antzezleku baten, soinu ingurunea, giro bat, jasotzen duen forma" adierazi du Muniategiandikoetxeak. Argiekin eta itzalekin jokatu du artelana sortzerakoan.

Donostiako Musika Hamabostaldia abuztuaren 1etik 30era bitartean ospatuko da. Aurten aurrekontu handiagoa izango du eta, hori horrela, opera berreskuratuko dute. Bi opera emanaldi izango ditu Hamabostaldiak: Mozart-en Figaroren ezkontzak eta Beethovenen Fidelio, Manchesterreko BBCko orkestraren eskutik.

Kartela gaur, astelehena, aurkeztu dute. Ekitaldian izan dira artistaz eta Musika Hamabostaldiko zuzendari Patrick Alfayaz gain, Bingen Zupiria Kultura sailburua, Denis Itxaso Kultura diputatua eta Eneko Goia Donostiako alkatea.

Artista errusiarraren lana oinarri

Manu Muniategiandikoetxea margolari eta eskultoreak hamar urtetik gora daramatza artista errusiarraren artelan honekin lanean: "Rodchenkoren pieza horretan inspiratzen diren eta modu ezberdinetara berrinterpretatzen duten marrazki, margolan eta eskultura ugari dauzkat, baina pieza hau berezia da, arraroa, amaitu gabeko artelan bat, barnealdean piezak falta dituen eskultura osatugabea dirudielako. Dena den hutsune hori, erdialdean marko batek inguratuta bezala gelditzen den espazio hori, nik gogoko dut, gertatzeke dagoena, gertatzea espero duguna irudikatzen baitu eta horixe baita, hain zuzen ere, musika; Musika Hamabostaldia bera" esan du bergararrak.

Elkar lotzen eta elkar gurutzatzen diren egurrezko bost uztai zentrokidek osatzen dute eskultura. Ozta-ozta igartzen den burdinazko hari bat bitarteko dela, pieza zintzilik ageri da jaialdiaren datuek osatzen duten habetik eta gainaldetik datorren argi indartsu batek bere itzala agertoki batean irudikatzen du: "Kartelaren zati garrantzitsu bat da itzala: musikari eta Musika Hamabostaldia berari forma eman nahian sortu dudan pieza abstraktua gorpuzten baitu itzal horrek, ikusten ez badira ere hor daudela sumatzen diren agertoki batean eta publiko baten aurrean".

Manu Muniategiandikoetxea lizentziaduna da Euskal Herriko Unibertsitateko Arte Ederretako pintura eta eskultura espezialitateetan. Erakusketen eremuko ibilbidea  1989. urtean urratu zuenetik, bakarkako nahiz taldekako hainbat erakustaldi egin ditu. Era berean, modu aktiboan parte hartu du lehiaketa eta sariketa ezberdinetan, aitorpen ugari lortuz.

Bere lanetan, Muniategiandikoetxea ikertzaile nekaezin bat bezala agertzen da. Historiografiaren iturrietara sarritan jotzen du eta bere intereseko diren beste artista batzuen lanak disekzionatzen ditu, haien poetikak maileguan hartu eta bere sorkuntza lanetan berrinterpretatzeko.

Informazioa jaso

"Gisa honetako lanei ekiterakoan, lehen lehenik egiten dudana era guztietako informazioa jasotzea da: norentzat den kartela, zeini zuzentzen zaion…. Era berean, kasu konkretu honetan, Hamabostaldiko kartelen historia ere aztertu dut, kartel ezberdinak gauzatu dituzten artistetan erreparatuz eta horietako bakoitzak bere artelana ebazteko enplegatutako teknika ikertuz. Eta behin informazio hori guztia barneratuta, osagai guztiak bildu, lapikoan sartu eta su geldoan egin ostean, lehen proposamenak itxuratzen hasten dira". 

Hala, 78 Musika Hamabostaldiko kartela egiterakoan Muniategiandikoetxeak eskuartean izan zituen lehen ideien artean daude: jaialdiaren logoa Kontxa bailitzan, Santa Klara irla eta estropadak ere barne direla; beste proposamen batek musika egitura eta zenbaki segida bat uztartzen ditu, su artifizialak, marrazki abstraktu bat hainbat hizki gainean direla……

"Hasierako proposamen guzti hauek logikoak dira, espero daitezke; baina nire alderdi logikoa ideia hauei forma emateko lanean murgilduta eta entretenituta zegoen bitartean, nire B aldea -eta alderdi hori da azken batean nire sorkuntza lanak erabakitzen dituena- beste proposamen batekin zebilen jira-biran eta huraxe izan da, azken baten, beste ideia guztiei gailendu zaiena. Lehen momentu batean bigarren aukeratzat hartu nuen; errazegia iruditzen baitzitzaidan; kartelaren azken emaitzara iristeko modu azkarregia. Denbora pasa ahala, ordea, modu ez kontzienteak igorritako ideia hori indartuz eta gorpuztuz joan zen eta hasierako beste ideia eta proposamen guztiak urtu eta desegiten".

"Ilusio handia"

Musika Hamabostaldiaren enkargua ilusio handiarekin jaso zuen artistak; benetako luxua da hain izen handiak biltzen dituen zerrendan egotea. "Aitortzen dut Maider Lopez, Asier Mendizabal edo Jesus Mari Lazkano bezalako lagunek Hamabostaldirako kartela egin zutenean, pentsatu nuela nik ere akaso, egunen batean, jasoko nuela gonbita eta orain amets hori egi bihurtu da. Ez dakit sortu dudan kartela ondo edo gaizki dagoen, jendeari gehiago ala gutxiago gustatuko zaion, baina proposamen lasaia dela uste dut, erosoa kartelak jomuga duen publikoarentzat eta horrekin gelditzen naiz".

Artista izendunak

Hauek dira azken urteotako kartelaren sortzaileak:

  • 67. edizioa: Mikel Urmeneta, Kukuxumusu (2006)
.
  • 68. edizioa: José Luis Lanzagorta (2007)

  • 69. edizioa: Ricardo Ugarte (2008)
.
  • 70. edizioa: Cállate la Boca (2009)
.
  • 71. edizioa: Maider López (2010)
.
  • 72. edizioa: Esther Ferrer (2011)
.
  • 73. edizioa: Asier Mendizabal (2012)
.
  • 74. edizioa: Koldobika Jauregi (2013)
.
  • 75. edizioa: Txema Garcia Amiano (2014).
  • 
76. edizioa: Jesus Mari Lazkano (2015)
.
  • 77. edizioa: Elena Odriozola (2016).
  • 
78. edizioa: Manu Muniategiandikoetxea (2017).

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak