Uruguaitik Korrikara euskara aldarrikatzera

Ubane Madera 2017ko mar. 25a, 08:34
Sara eta Lua ikurrinarekin.

Sara Salterainek eta 8 urteko haren loba Lua Zoinok martxoaren 30ean hegazkina hartuko dute bizilekua duten Montevideotik Euskal Herrira etorri eta Korrikan parte hartzeko; arbasoen jaioterria den Leintz Gatzagan elkartuko dira familiako bederatzi kide. 

"Amama, zenbat gustatuko zitzaidan euskalduna izatea, Euskal Herrian jaiotakoa izatea!". 8 urteko Uruguaiko neskatila batek iaz amamari adierazitako sentimendu horrek ederki deskribatzen du Montevideoko Salterain familiak Euskal Herriarekiko eta euskararekiko duen maitasuna. Sara Salterainek (Montevideo, 1960) transmititu dio maitasun hori Lua lobari.

Horren emaitza da martxoaren 31n Bilbora iritsiko direla amama eta loba, Korrika orduantxe  abiatzen da eta. "Abadiñon eta Gernikan pare bat egunez geratu eta gero Donostiara goaz. Korrika apirilaren 4an pasatuko da Donostiatik, baina Luak argi utzi zidan: Leintz Gatzagan egon nahi du; gatza zelan egiten den ikusi, gau bat baino gehiago bertan pasa… Eta errematatzeko, zera esaten dit: 'Iruñean ere egon behar dugu papera –Korrikaren mezua– irakurtzen dutenean. Bai, amama, jakina badakidala euskaraz dela. Bestela, ze zentzu dauka Korrikak! Ez dute, ba, espainolez irakurriko!'. Beraz, Leintz Gatzagan geratuko gara afari-festan eta biharamunean Iruñerako bidea hartuko dugu", kontatu  du Sara Salterainek.

Arrate baserritik Buenos Airesera

Apirilaren 8an, bada, Leintz Gatzagan elkartuko dira jatorriz bertako Arrate baserrikoa den salteraintar familiako bederatzi kide: "Abadiñoko Mila, Donostiako sei Salterain eta Lua eta biok; oraingoz, bederatzi Salterain izango gara Korrikan Leintz Gatzagan. Donostiakoak dira Arrate baserrikoak, nigandik eta Patriciorengandik gertukoenak".

Hain justu, Patricio de Salterain –Leintz Gatzaga, 1808– izan zen Salterain abizena itsasoz bestaldera eraman zuena, Buenos Airesera eta Montevideora. "Nik dakidanez, Euskal Herritik emigratu zuen bakarra izan zen;  salteraintarrak ez dira handik mugitzen!", dio Sarak. "2015ean ateak zabaldu zizkidaten Salterain izate hutsagatik. Gipuzkoan edo Bizkaian bizi arren, 90 urtekoengandik hasi eta txikienetaraino, guztiek euskaraz egiten dute. Euskal Herriarekiko eta bertako kulturarekiko maitasun handia igarri nuen. Eta ja 30 urte ez izan arren, erabaki nuen salteraintarren hizkuntza, euskara, ikasi egin behar nuela; eta hala, gure kultura, Euskal Herriko euskaldunon kultura bizirik mantentzen laguntzeko nire kuota xumea gehitu", esplikatu du hark.    

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak