Gogoa, konfiantza eta animoak borborka

Imanol Beloki Unamuno 2017ko mar. 24a, 11:10

Ibarran, UDAk eta Eskok jokatutako azken derbian.

Zapatu honetan, derbia jokatuko dute Euskal Ligan dabiltzan Eskoriatza eta Aretxabaleta areto futbol taldeek. Partidua Manuel Muñoz kiroldegian izango da, esan bezala, zapatuan, 18:00etan, eta, elkarren artean jokatutako derbiei erreparatuz, harmailetan ikusle asko egongo direla aurreikusten da.

Aretxabaleta liderra da aspalditik eta Eskoriatza, berriz, bosgarren postuan dago. Aretxabaletak lidergoa mantendu nahi du, eta Eskoriatzak, aldiz, hasiera batean zituen helburuak alde batera utzita, laugarren postuan geratzea du erronka.

Eskoriatza, konfiantzaz

Antonio Tena Eskoriatzako entrenatzailearen esanetan: "Ibarra kiroldegian jokatutako joaneko partidua nola joan zen ikusita, eta azken jardunaldietan izan dugun jokoari erreparatuz, irabaztea da gure helburua. Taldearengan konfiantza handia daukat; izan ere, azken partiduetan gol gutxiago sartu dizkigute, aurrean hobeto ari gara eta taldea egonkortuta dago. Hala ere, derbi bat da, eta edozer gauza gerta liteke".

Lesio ugari Aretxabaletak

Aretxabaleta taldeko Arkaitz Riberak, berriz, dio "derbietan ez dagoela faboritorik". Bestalde, hau azpimarratu du: "Lesionatutako jokalari asko izan ditugu azkenaldian, eta, ordezkoak lan bikaina egiten ari diren arren, nabari da hori gure jokoan. Beraien aurka jokatu genuen azken partidua baino joko gehiagoko partidua izango delakoan nago; betiere, errespetuz, baina bi taldeok lasaiago jokatuko dugu, arriskatuz… Partidu ederra izango da, baina, hala ere, irabaztera irtengo gara kantxara, ez baitugu lidergoa utzi nahi.

Bi taldeak garaipenekin datoz

Eskoriatzak Scaliburren aurka jokatu zuen pasa den jardunaldia, eta 0-3 irabazi zuen. Aretxabaletak, berriz, Gora Bilbao taldearen aurka jokatu zuen etxean, eta 5-1 irabazi zuen. Hala, biak irtengo dira kantxara derbiko puntuen bila.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak