Sumision City Blues, The Riff Truckers eta Nevada, bihar, Elgetako Spaloia kafe antzokian

Larraitz Zeberio Lekuona 2017ko mar. 23a, 11:24

Sumision City Blues taldea. (Argazkia: Dospordos)

Kontzertu indartsua iragarri dute biharko, martxoak 24, Spaloian. Disko berria aurkeztuko du Sumision City Blues banda gasteiztarrak. Jaialdia 21:00etan hasiko da Nevada eta The Riff Truckers taldeekin. Sarrera zazpi euro da.

Eskarmentu handiko musikariek osatzen dute Sumision City Blues: Iñaki Urbizu Pela, Iñigo Azazeta Anti, Joseba Baleztena, Kike Lafuente Penike eta David Marinek. Obligaciones, Gramones, Joseba B. Lenoir, Willis Drummond eta beste talde askotan ibilitakoak dira. Boskote gasteiztarrak Hay un plan trazado desde arriba que se llama… Sumision City Blues disko berria aurkezten dihardu, eta, rockean ez ezik, bluesean eta bestelako doinuetan trebeak dira. "Pozik gaude orain arte egindako diskoaren aurkezpenekin. Harro gaude egindako lanarekin eta kanta horiek zuzenean elkarrekin jotzea izugarrizko plazera da", adierazi du Joseba Baleztena taldekideak. "Ematen du jendeak ere gustura hartu duela diskoa eta kontzertuetan askotariko publikoa aurkitzen ari gara dantzatzeko gogoz. Hori beti da pozgarria".



Elgetarako disko berrian oinarritutako emanaldia prestatu dutela adierazi du Baleztenak. "Nola ez, aurreko diskoetako kanta ugari ere emanen ditugu. Ikusleek gozatu eta gozatuarazi nahi duen rock-and-roll banda bat aurkituko dute".

Emanaldi berean izango dira The Riff Truckers eta Nevada taldeak. "The Riff Truckerseko lagunek ere kontzertu bakoitza ospakizun handi bat bezala bizi dute beraz bai ekipo ederra eginen dugula uste dut!", esan du Baleztenak.

The Riff Truckers eta Nevada

Gernikako taldea da The Riff Truckers eta Spaloian izango da baita ere. 2005ean sortua, rock-and-rolla dute ardatz nagusi, baina blues eta country doinuak ere jorratzen dituzte. Bi disko dituzte kalean eta hirugarren grabatzen ari dira orain. "Gure kantuak joko ditugu eta bertsioren bat edo beste ere jausiko da", adierazi du Obaman taldekideak. Gernikako bandako musikariek aurreikusten dute 22:00etan hasiko dela beraien emanaldia.

Eta motorrak berotzeko eta azken orduko kontuak tarteko Nevada taldea ere Spaloian izango da bihar. 21:00etan emango diote hasiera kontzertuari. Jaialdirako sarrera da zazpi euro. Hiru taldeen ostean DJ Karbak hartuko du lekukoa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak