Liga amaitzeko bost jardunaldi geratzen dira, eta mailari eusteko borrokan Mondragon Unibertsitateko mutilek hitzordu garrantzitsua izango dute domekan –Egun eta ordu ezohikoan jokatuko dute, instalazioen erabilerak baldintzatuta–. Izan ere, etzi, 19:00etan hasita, sailkapenean azken laugarren dagoen MUk postu bat atzerago dagoen Ulacia Zarautz hartuko du Iturripen: "Sailkapena oso estu dago atzealdeko postuetan. Aurten EBAtik hiru talde jaitsiko dira mailaz, eta laugarren bat ere arriskuan dago EBA multzo guztietako irabazitako partida gutxien baditu".
Hala, domekakoa seguruenik zarauztarrendako azken aukera izango da, MUk baino bi garaipen gutxiago dituelako. Baina, Etxeko taldeak lesio eta lan kontuengatik bajekin arazoak izan ditu liga hasi denetik, "Eta azken boladan arazo horiek bereziki areagotu dira", adierazi dute klubetik. Hori horrela, etxekoendako ere final bilakatu da domekako lehia, garaipen batek oxigeno mordoa emango liekelako: "Batez ere ligaren azken txanpa gogotsu eta animo berrituekin ekiteko".
Liga amaiera gogorra
Sailkapenak orain erakusten duen egoera engainagarria izan daiteke, hemendik eta liga amaierara arte Arrasateko taldeak aldapa gora gogorra izango duelako. Bost partiduetatik bi baino ez dituzte etxean jokatuko –Zarautz eta Grupo Santiago– eta Santurtzira, Zizur Nagusira eta Kantabriara egin beharko dute bidaia.
Natra Oñatik "sei final"
Joan den astean hasieratik okertu zitzaion norgehiagoka Oñatiko saskibaloi taldeari –epaileak bi jokalari kaleratu zituen–, eta Arrik aparteko zailtasun barik irabazi zuen norgehiagoka (53-71). Duela bi jardunaldi zortzi "final" zituzten aurretik, eta orain artean ez dute emaitza onik batu: "Orain sei final geratzen zaizkigu, taldea bizirik dago oraindik baina partidu horietan emaitza ona batu beharko dugu bai ala bai", adierazi du Aitor Ugarte taldeko entrenatzaileak. Hala, domekan (18:00, Bilbo) kontrario zuzena den Berrio Otxoaren kontra jokatuko dute.