Historiako Gorlako Igoera luzeena, domekan

Xabier Urtzelai 2017ko mar. 23a, 18:00

Gorla lehenengo aldiz igotzen hasi aurretik ziklistek 65 kilometro egingo dituzte ordekan, Osintxu eta Zubillaga artean.

Ziklistek 125 kilometrotako lasterketa izango dute etzi; iazkoarekin alderatuta Gorla lehenengoz igo aurretik orain arte baino kilometro gehiago bete beharko dituzte txirrindulariek; 10:00etan hasiko dira lanean, San Martin plazan.

Inoiz baino pedalkada gehiago eman beharko ditu aurtengo Gorlako irabazleak, lasterketak iaz baino 15 kilometro gehiago izango ditu-eta. Hala, lasterketa urte gutxitan 90 kilometrotako lasterketa izatetik 125 izatera pasa da. Horrek aukera eman du garaipenerako hautagaien artean, igotzaile petoekin batera, beste perfil bateko ziklistak ere borrokan sartzera, eta ez hori bakarrik, taktikoki ere lasterketa irekiagoa izatea ekarri du. Hori bai, esperientziak erakusten du lasterketa irabazteko Gorlako lehenengo igoera –birritan igotzen dute mendatea– aurrean egin behar dela: "Ondoren, Aizpurutxon lo geratzen denak jai du, eta Deskargak ere min egin dezake", dio Xabier Aranzetak. 

Tartean Debagoienekoak

Lehendakari Txapelketan lehian dabiltzan taldeen artean, irteera puntuan egongo dira Lokatzatik pasatako Aritz Kortabarria (Eulen) eta Mikel Arregi (Debabarrena) antzuolarrak. Eta, Ampok ere ibarreko ordezkariak ditu. 

ELKARRIZKETA: Xabier Aranzeta, Lokatza taldeko kidea

"Itzalean egoten den norbaitek ezustea eman dezake domekan"

Unamuno –ezkerrean– eta Aranzeta –eskuman– aurtengo taldeen aurkezpenean.

Lokatza Ziklismo Eskolako lagunak ohituta daude herriko lasterketa kuttuna antolatzera. Urteak daramatzate horretan –43. edizioa izango da– baina hala ere, aste berezia izaten da guztiendako, ez da aste normala. Prentsaurrekoak eginda daude, lanak aurreratuta daude, bakoitzak badaki non egon behar duen domekan. Lasterketa hastea falta da.

Ze itxura hartzen diozu aurtengo lasterketari?

Erronka bat dugu, eta da Gorlako Igoera eta Espainiako Kopako lasterketa bat, Valentzian egiten duten Momparler memoriala egun berean izango direla. Hori dela-eta, seguruenik lasterketara ez da iazko ziklista kopurua etorriko (204). Eta, Espainiako Kopa irabazteko lehian dabiltzan taldeak seguruenik Valentziara joango dira. Beste batzuk, ordea, batez ere talde euskaldunak, gurera etorriko dira. Beste talde askok banatu egingo dituzte lanak, ziklista batzuk Valentziara bidaliko dituzte eta beste batzuk gurera. Eta noski, ziklisten izenak ez dituzte azken ordura arte esango, beste taldeei pistarik ez emate aldera. Aste barruan, esaterako, Kataluniako, Galiziako eta Kantabriako taldeen deiak jaso ditugu, lasterketara datozela esanaz. Eta esaterako, Euskadi Fundaziokoak ere gurean izango dira.

Horrenbestez, amateur mailako oilar batzuk Valentzian izango dira. Horrek handitu egiten du Bergaran irabaz dezaketen ziklisten zerrenda.   

Bai, hala da. Nik uste dut aurten ezusteak egongo direla. Hau da, normalean beste batzuendako lanean itzalpean ibiltzen direnek aukera polita izan dezakete; igotzaile onak direnak, baina lautadan besteendako lanean indarrak xahutzen dituztenak. Argi horiekin. Izan ere, amateur mailako izen nabarmenetako batzuk Valentzian egoteak ekarriko du beste batzuek Gorlagatik apustu egitea. 

Ze eragin izango du lasterketa hasieran kilometroak lautadan pilatzeak?

Domekan Osintxu eta Zubillaga artean ziklistek bi joan-etorri egin beharko dituzte, hor luzatu dugu lasterketa. Horrek aukera emango die gazteei lasterketaz gehiago gozatzeko, lehen kilometro gutxi batzuk egin eta Gorlako lehenengo igoeran atzean geratzen zirelako. Eta horrekin batera, aukerak zabaltzen dira: tropela kontrolpean izan gura duen taldeak azkar joan beharko du, ihesaldi ahaleginak egon daitezke... Ikusteko dago zertan eragingo duen.  

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak