Hezkuntza Sailak dio "irakasleen lan baldintzetan ez dela atzera egin"

Mirari Altube Arrese 2017ko mar. 22a, 08:47

ELA, LAB eta STEE-EILAS sindikatuek gaurko, martxoaren 22a, deitutako grebaren aurrean Hezkuntza Sailak argitu gura izan du ez datorrela bat horretarako emandako arrazoiekin, "hezkuntza lehentasuna izan delako krisi ekonomiko sasoian ere".

Eusko Jaurlaritzak konfiantza duela irakasleen eta hezkuntzako gainerako beharginen lanean adierazi dute: "Horregatik, eginahal bereziz defendatu ditu lanbide horiek burutzen dituztenen baldintzak. Irakasleek lan baldintza onetan dihardute", eta gaineratu dute: "Egitate objektiboa da hori soldatei dagokienez, Estatuko gainerakoekin alderatuta; baina baita irakas-orduei edo ikasgelako ikasle kopuruari begiratuta ere. Irakaslea eta bere lana hezkuntza sistema hobetzeko nahiz ikasleen hezkuntza-arrakasta lortzeko eragile nagusiak direla onartzetik eratorria da egoera hori".

Hori baieztatzeko esan dute EAEn hezkuntza sistema publikoak irakasle bat daukala bederatzi ikasleko. Eta Lan Baldintzak Arautzen dituen Akordioak, honako ratio hauek ezartzen dituela gelako gaineratu dute:

  • 18 ume Haur Hezkuntzako lehen zikloan
  • 23 ume Haur Hezkuntzako bigarren zikloan
  • 25 haur Lehen Hezkuntzan
  • 25 ikasle Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan
  • 30 ikasle Batxilergoan

 Hori jakinik, ikasgelen batez besteko okupazioaren bilakaera eman dute:

"Lanuzterako deia egin duten sindikatuek darabiltzaten arrazoiek ez dute errealitatea osotasunean azaltzen, eta, nola nahi ere, Euskadiko irakasleen lan baldintzetan ez da atzera egin", adierazi dute Hezkuntza Saileko ordezkariek.

Era berean, greba eguna normaltasunez iragatea espero du Eusko Jaurlaritzak: "Greba eskubidea erabili nahi dutenen borondatea errespetatua izan dadila, euren lanpostura joan nahi dutenen eskubidea bezalaxe".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak