Garaipen zaporeko berdinketa Bergarak (1-1); Mondrak irabazi eta Aloñak berdindu

Xabier Urtzelai 2017ko mar. 18a, 18:53

Bergarak eta Urolak bana egin dute, epaileen erabakiek komeni dena baino gehiago baldintzatu duen partiduan. 25. minutuan Cristianek egindako golari esker aurreratu da Bergara, baina bigarren zati ia osoa 9 jokalarirekin jokatu behar izan du.

Bazirudien Igor Serranoren Urolak dena zuela aldeko partiduari buelta emateko. Bergarako defentsek atzean egindako huts baten ostean Urolako aurrelaria Mardaras atezainaren parera iritsi da, eta bien arteko aurrez aurreko hortan aurrelaria lurrera joan da. Epaileak hasiera batean ez du ezer ikusi, bera zen jokalditik gertuen zegoena, baina marrazainak adierazitakoari kasu eginda penaltia adierazi du, eta gorria erakutsi dio Bergarako atezainari.

 Lehenengo zatia halaxe amaitu da (1-0), Urola ez zegoen eroso berdegunean, bergararrek hainbat aukera polit izan dituzte, eta hamarren kontra jokatuta ere ideia garbi barik zebilen Zumarragako taldea. Bigarren zatia hastearekin batera, baina, Machok bigarren txartel horia ikusi dut arean bere burua lurrera botatzearren, eta hor erabat baldintzatu da norgehiagoka: liderrak 9 jokalarirekin jokatu behar zituen ia 40 minutu.

Mahoneroak hustu egin dira zelaian, defentsa lana egitea tokatzen zen, eta buru-belarri ibili dira horretan, gaizki urrundutako aldaratze bat jaso eta Urolakoek 1-1ekoa egin duten arte. Garaipena lortu ezinda, berdinketa defendatu beharra zegoen, eta hor Urolak horma bat izan du aurrean. Hala, berdinketa garaipena izango balitz moduan ospatu dute mahoneroek, epaileak partiduaren amaiera adierazi duenean. 

Bergarak sei puntuko aldearekin jarraitzen du, eta 18 daude jokoan. Asko geratzen da oraindik, baina Bergarak igotzea du buruan, helburua barneratuta dute, eta horretan tematu dira. Gaur mezu garbia bidali diote sailkapeneko bigarrenari.

Mondrak irabazi eta Aloña Mendik berdindu

Ohorezko erregionalean, bestalde, Mondrak irabazi egin du etxean Zarautzen kontra (1-0) eta aurrealdekoen arteko borrokan jarraitzen du hiru puntu horiei esker, eta Aloña Mendik puntu bat ekarri du Elgoibartik, bana egin eta gero. Bihar, domeka, Aretxabaletak etxean jokatuko du, 16:30ean, Mutrikuren kontra.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak