"Arrasaten, adibidez, oso-oso ondo doa eskaera. Beste udalerri batzuetan, berriz, motel samar, oraingoz. Baina gero, azkeneko orduan etortzen dira kilometroak eskuratzeko eskaera mordoa, eta horiek antolatzea eta, batez ere, kilometroa eskuratu dutenei korrika egiteko lekurik gustukoena ematea ezinezkoa izaten da –herrien erdiguneak dira preziatuenak–. Eta hori gertatzen denean, herri arteko zatietan egin behar izaten dute korrika", esplikatu du Aitor Juaristik, Debagoieneko Korrikako koordinatzaileak.
Hala, hark eskatu du martxoaren 25a aurretik –egubakoitza– bideratzea kilometroen eskaera, honako helbidera: –korrikadebagoiena@gmail.com–.
425 euroko dohaintza
Kilometro bakoitzarengatik 425 euroko dohaintza egin behar da. Hori horrela, gehienetan, udalak, ikastetxeak, kultur eragileak, kuadrillak… dira kilometroak eskuratzen dituztenak.
Edozein modutan, kilometroak eskuratzeaz gainera, Korrikari laguntzeko beste hainbat modu ere badira: Korrika laguntzaile egitea –12 euro– edo Korrikako arropa edo materiala erostea. Horretarako ere hainbat bide daude: Arrasateko Erdu AEKn eskaintza zabala dute, baita Korrika.eus helbidean ere; eta horrez gainera, Korrika pasatu bitartean, herriz herri salmenta postuak jartzen dihardute.
Korrikaren dokumentala
Bestalde, Euskararen lau aurpegiak dokumentala egin dute Korrikaren 20. edizioaren bueltan. Bada, Goiena telebistan berau emitituko da datorren martxoaren 31n, 21:30ean.