goiena.eus

MUren Orona Ideo campusean izan da Hezkuntza sailburua

  Hezkuntza  Debagoiena

Cristina Uriarte, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua, MUren Orona Ideo Campusean izan da gaur Unibertsitateko errektore Vicente Atxak gonbidatuta, 2017-2020 Plan Estrategikoa aurkezteko helburuarekin.

Uriarterekin batera etorri dira Unibertsitate eta Ikerketa sailburuorde Adolfo Morais, Unibertsitateetako zuzendari Miren Artaraz eta Zientzia Politikarako zuzendari Amaia Eskizabel. Eta MUko errektorearekin batera honako hauek izan dira: Jon Altuna errektoreordea, Idoia Peñacoba idazkari nagusia, Goi Eskola Politeknikoko zuzendari Carlos García, Basque Culinary Centereko zuzendari Joxe Mari Aizega, Enpresagintza Fakultateko dekano Lander Beloki eta Humanitateen Fakultateko dekano Begoña Pedrosa.

Plan Estrategiko horretan jaso dituzte unibertsitateak 2020rako dituen lehentasunezko lau erronkak, honako hauek hain zuzen ere: ikaskuntza-prozesuetan gauzatuko den eraldaketari aurrea hartuz, unibertsitateko hezkuntza-berrikuntzan liderrak izatea, eta ikasleak gizartearen erronka berrietarako prestatuko dituen hezkuntza-esperientzia bat eraikitzea; nazioartera irekitzeko prozesua eta merkatu berrietako presentzia sustatzea, talentua erakarri eta nazioartekotze-prozesuetan laguntzeko; enpresekin eta beste erakunde batzuekin ikerkuntzan jardunez, unibertsitate aitzindaria izatea, herrialdearen lehiakortasuna hobetzeko; eta, azkenik, MONDRAGONen ezagutza-ekosistemaren nodo gisa jardutea. MUko errektoreak zera adierazi du: "Euskadiren etorkizunerako erronkekin lerrokatuta eta errealitateari oso atxikita dagoen anbizio handiko plana da".

"Lerrokatuta" Euskal Unibertsitate Sistemarekin

Uriarte sailburuak adierazi du unibertsitate horren estrategiak "erabat lerrokatua daudela Euskal Unibertsitate Sisteman bikaintasuna, espezializazioa eta nazioartekotzea bultzatzeko Eusko Jaurlaritzaren konpromisoarekin".

Eta Vicente Atxak honako hau azpimarratu du: "Enpresen eta erakundeen premiei erantzuten dien unibertsitate bat gara, gizarte sendoagoa eta garatuagoa eraikitzeko behar diren eskaerak eta profil berriak oso gertutik jarraitzen dituena, eta hala izaten jarraitu nahi dugu".

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa