goiena.eus

Telebistako platoa, bertso eskola itxura hartuta

  Kultura  Arrasate  Bergara  Eskoriatza

Arizmendi Ikastolako Almen guneko Oihana Aranak, Haizea Aranak eta Ane Gayk egin zituzten kazetari lanak hirugarren 'Galdegazte' saioan. Bertsozaleak dira, eta Miren Amuriza gonbidatu zuten. Gaur, eguaztena, 09:30ean izango da ikusgai.

Telebistako platoa, bertso eskola itxura hartuta
Oihana Arana, Haizea Arana, Miren Amuriza eta Ane Gay. | Ikusi handiago | Argazki originala

Bertsozaleak eta bertso eskolako ikasleak ere badira Arizmendi Ikastolako Almen guneko Haizea Arana, Oihana Arana eta Ane Gay ikasleak; eta bertsogintzaz duten egarria asetzeko asmoarekin proposatu zuten Jokin Bereziartua aurkezlearekin batera gidatu zuten Galdegazte saioan Miren Amuriza  elkarrizketatzea. 

Bertsolari rolaz harago ere bai

Bertso kontuek hartu zituzten, bada, solasaldiko minutu gehienak; hala ere, Amurizaren beste alderdi batzuk haren ahotik ezagutzeko aukera ere aprobetxatu zuten. Berrizko bertso eskolan irakasle jarduteaz gainera, enkarguzko askotariko idazlanak egiten dituela kontatu zien Amurizak. Pirritx eta Porrotx pailazoendako kantuak idazten dituela, baita Berria egunkarian egunero iritzi-zutabe bat ere. "Eguneroko gertakariak adi jarraitzea ezinbestekoa dut eta horregatik eramaten dut  poltsan beti koaderno txiki bat, ikusten eta entzuten dudan guztia apuntatzen dut han".

Abizenaren zamaz galdetuta, honako hau erantzun zien Amurizak: "Adinarekin asko ikasi dut; hala ere, ezer badaukat nire abizenari buruz, eskertzekoa da guztia. Plazetan hasi nintzenean sarritan deitzen ziguten aitari eta bioi elkarrekin saioa egiteko.  Horrek bidea zabaldu zidan, baina sentitu dut batzuetan nire jarduna gogor defenditu beharra".  

Profesionalari aholku eskean

Oholtzaren gaineko sentimenduez eta bertsolaritzan dituen helburuez galdetzeaz gainera, aholku praktikoak emateko eskatu zizkioten: "Gure buruan dago epailerik handiena eta urduritasunari aurre egiteko beharrezkoa da hori isilaraztea. Hasiberri direnei esango nieke  pentsatzeko une horretan dituzten beldurrak profesionaltzat dituzten bertsolariek ere sentitu izan dituztela. Horiek bezala, denborarekin, hasiberriek ere gaindituko dituzue. Aurrera!".

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa