Euria eta hotz egin du gaur goizean. Baldintza gogorrak lasterka eta bizikletan jarduteko, baina Foruen plazan elkartu diren 192 atletek –emakumezkoak hamalau– erakutsi dute are eta gogorragoak direla.
Emakumeek hasi dute lasterketa 10:30ean, eta faboritoen artean zegoen Helene Alberdik segituan jarri du buruan; bakarrik egin ditu 10 kilometroak. Bazekien probaren garaipena hortxe egon zitekeela eta aldea ateratzen saiatu da. Bizikletan ez da hain ondo moldatu eta 36 kilometroak bukatzerako Lourdes Oiartzabalek eta Amaia Lopezek harrapatu egin dute. Lasterka egin duten hurrengo bost kilometrotan berriro lortu du aldea ateratzea Alberdik eta helmugan bera izan da nagusi. Bigarrena izan da Oiartzabal eta hirugarrena, Lopez.
Arnaiz buruan hasieratik
Gizonek 10:40an hasi dute proba eta hasi orduko jarri da buruan Arnaiz; harekin batera faborito ziren Hossain Kaanache, Aitor Egillaga, Gonzalo Fuentes eta beste hainbat. Aretxabaletarraren pausuak markatu du 10 kilometroko lasterketa. Poliki-poliki taldea txikitzen joan da, eta lau bat lagun geratu dira. Horien atzetik bigarren talde bat osatu da eta han sartu da Xabi Luis oñatiarra.
Bizikletak hartu dituztenean distantzia areagotu egin du Arnaizek, Kaanachek gertutik jarraitzen zuela. Eta 18 kilometro pasatxo zituen bigarren buelta egin duenean bakarrik-bakarrik sartu da aldaketa puntuan. Korrika egin duen bost kilometroko azken bueltan ez du aurkaririk izan Arnaizek. Hunkituta sartu da helmugan, eta zain zituen etxeko guztiak besarkatu ditu. Bigarrena Kaanache izan da eta hirugarrena, Gonzalo Fuentes. Lehenengo oñatiarra, Xabi Luis, zazpigarren helmugaratu da.
Sailkapena
Emakumeak
Gizonak