Arizmendik Jose Arana gunea inauguratu du

Xabier Urtzelai 2017ko mar. 10a, 15:14

2017a hastearekin batera estreinatu zuten eraikin berritua Jose Aranako haur eta profesionalek, baina gaur egin dute inaugurazio ofiziala. Eta bertan izan dira, besteak beste, Arizmendiko ordezkariekin batera, Cristina Uriarte, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza sailburua, Markel Olano, Gipuzkoako diputatu nagusia, Joxerra Zubizarreta, Eskoriatzako alkatea eta Joxean Alustiza, Gizabidea Fundazioaren lehendakaria. 

Ekitaldian, Aitziber Arregik, Arizmendi Ikastolaren lehendakariak egin die ongietorria, eta ondoren Aitor Elizaranek,  Arizmendi Ikastolaren Haur Hezkuntzaren zuzendariak hartu du hitza, bertaratutakoei Konfiantzaren Pedagogiaren gainean berba egiteko. Horretan dihardu Arizmendik buru-belarri, pedagogia horretan oinarritzen baitira pertsona kooperatibo euskaldun eta konpetentea garatu ahal izateko. Eta, hori aplikatu ahal izateko Arizmendiko guneak –guztira 12, Arrasaten, Eskoriatzan, eta Aretxabaletan moldatzen dabiltza. 

Azken emaitza Eskoriatzako Jose Arana gunea izan da, oso txukun geratu dena bertaratutakoek azpimarratu duten moduan. Ganuza jauregia eraberritzerako orduan kontutan izan dituzten elementuen gainean egin du berba Jagoba Larrañagak, Gaztañadui Jauregiko obren arkitektoak. Eta gaineratu du bigarren fasea geratzen dela egiteko. Hau da, eraikina hezkuntzara bideratzearekin batera, asmoa da herritarrendako ere erabilgarri egotea, besteak beste, kultura eskaintzetara bideratzeko. Azpimarratzekoak dira, esaterako, 1.820 urte ingurukoak diren margoak, eraikineko hainbat areto dekoratzeko egin zituztenak.

Bada, hasierako aurkezpenak egin ostean, Amaia Arrietak, Arizmendi Kooperatibaren Jose Arana Ikastolako arduradunak egin ditu gidari lanak, eta eraikina barrutik erakutsi die bertaratutakoei. Egun, haur hezkuntzako 115 ikasle dituzte bertan. Egun batez, haurrek gorbatadun, kazetari eta argazkilarien artean egin dute jolas. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak