Proiektuetan Oinarritutako Ikaskuntzan oinarritzen da PBL metodoa, Mondragon Unibertsitatean ikasketa prozesuaren parte bezala erabiltzen dutena. Bertan, ikasleek metodologia hau jarraituz benetako proiektuak aurrera ateratzen dituzte eta proiektu hauetariko 32 onenak ikusgai jarriko dituzte jardunaldian zehar, horien artean onena aukeratzeko. Guztira 446 proiektu egin dituzte gradu eta masterreko ikasleek eta horien artean, 2017ko onena aukeratuko dute Orona Ideon egingo den jardunaldian.
PBL Day honetarako hainbat hizlari ere gonbidatu dituzte, beraien esperientzia konta dezaten. Jardunaldiari hasiera emateko Adolfo Morais Unibertsitate eta Ikerketa sailburuordea, Jon Altuna Mondragon Unibertsitateko errektoreordea eta Mikel Tolosa Oronako Gestio Sozialeko eta Erakunde Garapeneko zuzendaria izango dira hizlari lanetan.
Hizlari gonbidatuen tartea Aalborgeko Unibertsitateko Mona Lisa Dhamsek zabalduko du Tutoretza eta Feedbacka izeneko hitzaldiarekin. Ondoren, Aitor Francesarena Gallok, surf irakaskuntzaren aitzindarietako batek Autosuperazioa hitzaldia emango du. Ane Irazabal eta Ainhoa Vitoria kazetariek komunikazioaren inguruko tailer bat egingo dute eta Aintzane Encinas eta Zuriñe Hidalgok aldiz, sorkuntzaren ingurukoa. Realeko jokalaria da lehenengoa eta Hesian taldeko abeslari eta telebistako aurkezle bigarrena. University of Minhoko Rui M. Lima ere arituko da PBL metodologia ezartzearen inguruan eta Carlos Magrok ingeniaritzaren ikaskuntzarako metodologia aktiboak azalduko ditu. Azkenik, Telmo Trenado youtuber eta mago zumaiarrak teknologia berrien inguruan bere esperientzia kontatuko du.
Mondragon Unibertsitateak antolatutako jardunaldia Hernaniko Orona Ideon egingo da, martxoaren 9an, osteguna, goizeko 9:00tan hasita arratsaldeko 17:30ak arte. Bertan parte hartzeko inskripzioa doakoa da eta Mondragon Unibertsitateko webgunean egin daiteke.