Pilotari debagoiendarrek ez dute hutsik egin etxean

Maite Txintxurreta 2017ko mar. 4a, 01:15
Beñat Rezusta fin aritu da bere etxean

Profesionalen jaialdia izan da Bergarako Udal Pilotalekuan, eta lehen partiduan Mendizabal III.ak eta Erostarbek osatutako bikotea iritsi da 22 tantora. Bigarrenean, berriz, partidura sailkapena lortuta zeukatela ailegatu diren Irribarria eta Rezusta izan dira irabazle.

Bergarako Udal Pilotalekuko profesionalen jaialdiko lehen partiduan Gorka-Cecilio eta Mendizabal III-Erostarbe bikoteak aritu dira aurrez aurre, lehenak gorriz eta bigarrenak urdinez.

Bada, urdinak hasi dira markagailua dominatzen, eta Aitor Mendizabal aurrelari antzuolarra bereziki fin ibili da, energiaz eta tantoak ondo bukatuz. 0-5eraino ondo dominatu dituzte aurkariak, baina lehen tantoa egitea lortu dutenetik martxa hobea hartu dute errioxarrek. Hala, zazpina berdintzera ere iritsi dira, eta partiduaren erdialdean markagailua orekatu samar egon da, bat edo bi puntuko aldea gora-behera.

Dena den, 16 tantora iritsi direnean gorriak berriro ere blokeatu egin dira eta ezin izan dute hortik aurrera egin. Mendizabalek eta Erostarbek ordea bai, ondo jokatu dute eta tantoak bata bestearen atzetik eginez iritsi dira 22raino. 16-22 emaitzarekin bukatu da, beraz, jaialdiko lehen norgehiagoka.

Faboritoak, jaun eta jabe

Jaialdiko bigarren partiduan, noski, urdinen alde egon da ikuslegoa, Iker Irribarriak eta Beñat Rezusta bergararrak osatutako bikotearen alde, alegia. Faborito moduan hasi zuten 2017ko eskuz binakako txapelketa, eta partidura dagoeneko sailkapena eskuratuta zutela iritsi dira. Hargatik, baina, ez dira erlaxatu eta ez diete hutsik egin haien partidu bat ikusteko irrikitan zeuden pilota zaleei. Hala, partidu osoan zehar eurak izan dira jaun eta jabe, bukaerako markagailuak (22-7) ondo islatzen duen moduan. Gaurko porrotarekin, aurkariak, Urrutikoetxea eta Imaz, txapelketatik kanpo geratu dira, garaipena derrigorrezkoa baitzuten aurrera jarraitzeko aukerei eusteko.

Sakea gorri izan bada ere, urdinek estreinatu dute markagailua, eta Urrutikoetxeak eta Imazek ezin izan dute tantorik egin 4-1era arte. Orduan, tantoa egin bai, baina ezin izan diote horri jarraipenik eman. Izan ere, Irribarria fin aritu da aurreko koadroetan, eta berdin Rezusta ere atzekoetan, hutsik egin gabe. Hala, faboritoek izan dute uneoro partiduaren kontrola, eta aurretik joan dira markagailuan. Urdinen kasuan, Imazek akats dezente egin ditu, eta Urrutik ere ez du jakin izan Irribarriak bezainbeste asmatzen tantoak bukatzerako orduan.  Hala, gero eta atzerago geratuz joan da bikote urdina.

Hori ikusita, ikuslegoa pozik, noski, eta herriko semea etengabe animatzen: "Beñat! Beñat!" oihuak ozen entzuten ziren harmailetatik.

Partiduko tantorik onena, zalantzarik gabe, urdinek 17-6koa lortzeko burututakoa izan da. Urdinak zein gorriak maisuki ibili dira errestatzeko ezinezkoak ziruditen pilotak bata bestearen atzetik eramaten, eta denbora luzez hala ibili ostean, azkenean Irribarriak ezker paretatik gertu egindako dejada eder batekin bukatu du tantoa, harmailak zoratzen jarrita.

Ordurako partidua erabakita zegoela esan daiteke, eta hortik aurrera tanto bakarra erdietsi du Urrutikoetxea-Imaz bikoteak. Hala, 22-7 bukatu da partidua. Faboritoek inoiz baino faboritoago jarraitzen dute, eta Urrutikoetxea eta Imaz lehiaketatik kanpo geratu dira.

 

 

Erlazionatuak

Mendizabalek eta Rezustak, biek irabazi dute

Oihana Elorza Gorostiza 2017 mar 04 Antzuola   Bergara

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak