Aristiren abentura tropikala ez da amaitu

Xabier Urtzelai 2017ko mar. 3a, 10:04
Aristi hirugarren etaparako gertatzen, oraindik lider zegoen. Argazkiak: www.tropicaleamissabongo.com

Bergarakoak Afrikan irabazi du profesional mailako lehen lasterketa, Tropicale Amissa Bongoko itzulian; martitzenean lidergoa defendatu zuen bigarren sailkatuta, baina orain Stanislau Bazhkou dago lider; domekan amaituko da itzulia.

Astelehen Bergarako ziklismo zaleek poztasun ederra hartu zuten, milaka kilometrotatik –eta sare sozialen bidez– iristen zen albistearen harira. Koulamoutoun, Gabonen, 16.000 biztanle dituen herrian jaso zituen Mikel Aristik (Bergara, 1993)  profesional modura lehenengoz besoak. 

Seguruenik, umetan, begiak itxi eta lehenengo garaipena amesten zuenean ez zuen halako eskenatoki tropikala imajinatuko: "Oso etapa zoroa izan da, hasieratik egon dira-eta ihesaldi ahaleginak. Azken kilometroetan eraso horiek areagotu egin dira eta horrek asko gogortu du etapa. Batez ere Energy Direct-ekoen partetik etorri dira ihesaldi ahaleginak, tartean egon da Thomas Voeckler, baina esprintean iritsi gara, eta hor indartsu ikusi dut nire burua", adierazi zion GOIENAri egunean bertan.

Martitzenean maillot horia defendatzea tokatzen zen, eta hor taldekideen lana izan zuen ondoan. Gorabehera handiko etapa izan zen hori ere, baina Bergarakoa ostera ere saltsan ibili zen; esprintean bigarren, oraingoan Tony Hurel (Direct Energy) azkarragoa izan zen, baina liderraren maillotarekin jarraitzen zuen bergararrak.

Tropela bigarren etapan, eta Aristiren taldekideak lasterketa kontrolpean izateko lanean.

Eguaztenean 24 segundora 

Itzuliko hirugarren etapa ere oso lehiatua izan zen, eta hor, lau laguneko taldetxoa iritsi zen esprint erabakigarrira. Aristi ez zegoen tartean, eta bai hurrengo taldean, 24 segundora. Bada, sailkapen orokorrean hirugarren postuan zegoen Stanislau Bazhkou (Minsk) errusiarrarendako izan zen etapa garaipena, eta lidergoa, eta Aristik bigarren postura egin zuen salto sailkapen orokorrean.

Tourra bost aldiz irabazi duen Bernard Hinault bretainiarrarekin. 

Eta halaxe jarraitu du gaur –egubakoitza– goizera arte, izan ere, atzoko etapa bertan behera utzi behar izan zuten, hegazkin batek arazo tekniko bat izan eta aurreikusita zegoen lekualdaketa egiteko arazoak izan eta gero. Gaur bosgarren etapa egongo da jokoan [Lambarene-Kango], baina abentura tropikalak domekara arte iraungo du; gaurkoarekin batera, beste bi etapa geratzen dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak