Igor Urizar: "Lidergo eta bozeramailetza pluralen alde gaude Ahal Dugu Martxanen"

Mirari Altube Arrese 2017ko ots. 8a, 13:10

Biltzar orokorra egingo du aste bukaeran Podemosek, eta alderdiko zuzendaritza, proiektu politikoa eta antolakuntza berria aukeratuko dituzte. Hiru korronte daude: Pablo Iglesiasen aldekoak, Iñigo Errejonekin bat egin dutenak eta antikapitalistatzat agertu den Ahal Dugu Martxan. Arrasateko zinegotzi Igor Urizarrek azken horrekin egin du bat.

Arrasateko Ahal Duguko kide zara, eta aste bukaeran izango duzuen biltzarrari begira Ahal Dugu Martxan korrontearekin egin duzu bat. Zergatik?
Orain bizi dugun momentu politikoan, behin hauteskunde ziklo luzea bukaturik eta 78ko erregimenaren krisia itxi gabe, uste sendoa dut Ahal Dugu Martxanek proposatzen duen diagnosia eta lerro nagusiak zuzenenak direla, bai ikuspegi politiko batetik eta baita barne antolakuntzan egin beharreko zereginekin ere.
 
Zer defendatzen du Ahal Dugu Martxanek?
Politikoki erregimenarekin haustura proposatzen du. M15ak zabaldu zuen legitimitate eta estatu krisiak bizirik dirau eta hau aprobetxatu beharra dago, krisi honen kontraesanetan sakonduz, gizartea eraldatu ahal izateko. Ezin dugu onartu miseria kudeatzean gelditzen den gobernu bat; egun ditugun instituzioekin ezin da gehiengo sozialarentzat politikarik egin, Europako troikak Grezian eta 135 artikuluak Konstituzio espainiarrean hau garbi azaltzen dute. Prekarietatearen areagotzea, ondasun komunen eta publikoen murrizketa eta eskubideen jazarpenekin bukatzeko, ez dugu soilik instituzioetan gobernatu behar, hauek goitik behera eraldatu eta instituzio alternatiboak eraikiz lortuko dugu. Eta helburu hauek ezingo dira aurrera eraman mugimendu popular sendo eta zabal batek ez badu bultzatzen. Horretarako, barne antolamendua guk nahi dugun gizarte eraldatuaren isla gardena izan behar da. Erradikalki demokratikoa, feminista, plurala, militante guztien burujabetza sustatu eta alderdiko erabakietan eguneroko parte hartzea bermatzen duena. Eta noski, gizartera zabalik, aliantzak ehunduz eta mugimendu popularra eta gatazka sozialak hauspotuz.

Iglesiasen eta Errejonen artean zein defendatzen du Ahal Dugu Martxanek?
Pertsonalismo eta lidergo ahalguztidunek demokrazia ahultzen dute, botere gehiegi kontzentratuz esku gutxitan. Hedabideetan ematen ari garen irudia ez da osasuntsua, bataren eta bestearen artean ika-mikak agertzen dira baina beharrezko den eztabaida politikoak ez du esparru horretan lekurik. Biak dira beharrezko etorkizunean. Guk geure proiektuan sinisten dugu, lidergo eta bozeramailetza pluralen alde gaude.

Debagoienean eraginik izango du batek edo besteak irabazi? Aldaketaren bat etorriko da?
Eragina izango du noski, alderdiak jarraituko dituen lerro politiko orokorrak eta barne antolakuntzaren aldaketa eztabaidatzen ari gara. Baina azkenean, lurrera jaistean, tokian bertan, eguneroko lana militanteek egin eta eraikitzen dute. Hauek etengabe buruan izan behar ditugu, guztion beharretan pentsatuz eta beraien eskuetan erremintak erraztuz. Horien politika egiteko gaitasuna indartzea lehentasuna da, barnera eta kanpora begira.
 
Ahal Duguk jaio zenean zituen balioak sakrifikatu egin zirela diozu. Non dago M15 hiritar mugimendu hartako izpiritu?
Oraindik izpiren bat guztion barnean dagoela pentsatzea gustatzen zait. Baina oinarrizko militanteetan batik bat. Kartelak jarri, ekitaldiak muntatu, alderdiaren politiken hedapena... Egunero eramaten duten grina eta borondatean gar horrek bizirik dirau. Horregatik demokratizatu behar dugu alderdia, militante hauei, politika egiterako orduan, oztopoak kenduz. Eta baita gizartean aurkitzen diren hainbat eta hainbat eragileren barnean bizirik dirau izpiritu horrek. Hauek indartzea da gure erronken artean handienetako bat.
 
Besterik esan gurako zenuke?
Ahal Dugun izena emanda duen guztiari proiektu ezberdinak hausnar ditzala esango nioke, informaturik bozkatzeko. Emozioak alde batera utzi eta lasaitasunez pentsatu behar dugu, arrazoi politikoekin, gure erakundearen etorkizunean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak