100 eragiletik gora Korrika prestatzeko gertu

Xabi Gorostidi 2017ko ots. 3a, 14:36
Orain bi urteko Korrika Arrasatetik igarotzen

Eskualdeko herri guztietan batzordeak sortu dituzte Korrikaren 20. edizioaren prestaketa lanak egiteko. Korrika ekonomikoki laguntzeko aukera ere izango da, jantziak erosiz, kilometroen donazioak eginez edo Korrika laguntzaile txartel bidez.

Korrikaren 20. edizioa berezia izango da, eta hori behar bezala prestatzeko lanak jada hasi dira. Herriz herri batzordeak sortuta daude, baita Korrika igarotzen ez den herrietan ere,  eta hainbat ekintza prestatuko dituzte aurtengo edizioa arrakastatsua izan dadin.

Aurten Debagoieneko Korrikako koordinatzaile lanak egingo ditu lehen aldiz Aitor Juaristik arrasatearrak. "Batzordeak duela bi aste sortu genituen, eta aurtengo ekitaldiaren aurkezpen fasea jada eginda dago. Orain Korrikaren bezperako ekintza batzuk antolatuko dira herriz, bertso afariak, apaintze lanak ... eta Korrika Txikia herrietatik pasatu aurreko egubakoitzean egingo dira.

Finantzatzeko aukerak

Hainbat aukera egongo dira Korrika ekonomikoki laguntzeko. Lehenik eta behin Korrikako jantziak eskuratu daitezke Arrasateko AEK-ren egoitzan, nahiz eta herrietan egiten diren ekintzetara ere postutxoa eramango duten, eta interneten ere  erosi daitezke. Bestetik, norbakoek Korrika Laguntzaile txartela eskuratu dezakete 12 euroren truke, eta babes ekonomikoa emateaz gain, hainbat dendatan deskontuak izango dituzte txartela aurkeztuz gero. Tabernei eta komertzioei ere zabalduko diete laguntzeko aukera, eta pegatina bat jarriko diete laguntzaile bezala identifikatzeko.

Bestalde Udal zein eragile ezberdinek kilometro donazioak egin ditzakete. "Korrikako kilometroak hartu nahi dutenek korrikadebagoiena@gmail.com helbidera idatzi beharko dute, zein herritan hartu nahi duten esanaz, eta ondoren zozketa egingo dugu zein lekutan tokatzen zaien zehazteko. Udalentzat 600 euroko kostua izango du eta elkarteentzat, aldiz, 425koa" azaldu du Juaristik.

Argazki zaharren bilketa

Debagoienetik pasatako lehen edizioen argazki bilketa bat ere jarri dute martxan, ostean horrekin erakusketa bat antolatze aldera. "Etxean argazki zaharrak dituztenei lehen aipatutako helbidera bidaltzeko eskatzen diegu. Azken edizioetako argazkiak erraz lor daitezke, baina zaharrak batzea polita izango litzateke".

Aitor Juaristi

Debagoieneko Korrikaren koordinatzailea

Euskararen munduan asko ibilitakoa da, eta aurten lehen aldiz Debagoieneko Korrika koordinatzeko ardura hartu du.

Nola hartu duzu eskuartean duzun erronka?

Bi eratara. Lehenik eta behin, izugarrizko erronka da. Jende asko ezagutuko dut, eta nire burua hobeto antolatzeko baliagarria izango da. Bestalde ikasteko aukera bat bezala hartzen dut, ekintza asko aldi berean koordinatzea, komunikabideekin harremana... arlo pertsonalean asko emango dit, nahiz eta lan asko egitea tokatuko zaidan.  


Zer sentitu zenuen izendatu zintuztenean?

Lagun batek esan zidan sekulako piropoa dela ardura hori egiteko aukeratua izatea. Aurretik AEDn, Zahar-Berrin, EHEn ... beraz, eskaintza hau jasotzea lan guzti horren aitortza moduko bat da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak