Aurten estreinatu den mugikortasun programa horren bitartez, Huhezik norbere beharretara egokitutako egonaldia egiteko aukera eskaintzen die nazioarteko ikasleei euskal eskoletan, Haur Hezkuntzan zein Lehen Hezkuntzan.
"Kanpoko unibertsitateetako koordinatzaileek ikasleen ikaste-kontratuak bidaltzen dizkigute, eta bertan azaltzen da ikasle bakoitza ze ikasketa egiten ari den, ikasketa horien baitan ze espezialitate egiten ari den, eta ze adin-tartetan egin nahiko luketen praktikaldia", adierazi du Tane Bikuñak, hezkuntza ikasketetara datozen nazioarteko ikasleen koordinatzaile akademikoak.
Programa horren bitartez, lortu nahi dena da, alde batetik, unibertsitateen arteko harremanak lotzea." Gu oso unibertsitate txikia gara, eta, guretzako, Texasko unibertsitate batek gugan konfiantza jartzea euren ikasleak etortzeko, aurrerapauso izugarria da. Finean, unibertsitateen arteko nazioarteko aldebiko akordioak lortzea da helburua. Gaur egun, asko baloratzen da beste unibertsitate batzuekiko kolaborazioa eta lankidetza moduak bilatzea", azaldu du Bikuñak.
Beste helburu bat "irakasle izateko prestatzen ari diren ikasleek gure ikastetxeen hezkuntza proiektuak hurbiletik ezagutzeko, egiteko moduak behatzeko eta horietan parte hartzeko aukera eskaintzea" da.
Horrez gain, nazioarteko ikasleen eta bertakoen arteko harremanak sustatzeari ere garrantzitsu deritzo Bikuñak.
Texasko unibertsitatetik
Kasu honetan, Texasko unibertsitatetik –Texas Christian University– bost ikasle etorri dira: Victor Flores, Camila Padilla, Andrea Lopez, Jilian Dreixler eta Melissa Piesche. Hain justu, Arizmendi Ikastolan, Antzuolako Herri Ikastetxean eta Legazpiko Haztegi Ikastolan egingo dituzte praktikak.
Aste honetan iritsi dira Euskal Herrira eta otsailaren 24ra arte egongo dira.
Ikasleak, gustura
"Texasko unibertsitateak eskaintzen zigun aukera guztietatik, hau iruditu zitzaigun aproposena, eta horregatik erabaki genuen hona etortzea", dio Camila Padilla ikasleak. "Gainera, lehenak izan gara gure fakultatetik Espainiako Estatuko unibertsitate batera praktikak egitera etortzen", azaldu du.
Ikasleak gaineratu du egun hauetan ezagutu ahal izan dutena asko gustatu zaiela, "bai paisaiak, bai jendearen adeitasuna, eta baita hemengo hezkuntza sistema ere".