Mendeko Finantza Ekarpenen 2002 eta 2004ko jaulkipenetakoak (emisioak) erosi zituztenek %3,022ko interesak jasoko dituzte gaur, eta 2007ko jaulkipenean erosi zituztenek, %2,522koak.
Denetara, 12,8 milioi euro ordainduko dizkie Eroskik interesetan mota bateko zein besteko inbertsio tituluak dituztenei.
Eroskik prentsa ohar bidez eman du horren berri. Gogora ekarri duenez, lehen jaulkipena 2002an egin zuen, eta orduz geroztik “zuzen” ordaindu dizkie urteko interesak inbertsiogileei; dagoeneko, 345 milioi euro.
Aurtengo interesak, %2,5 inguruan
MFEak eta Mendeko Obligazioak ordaintzeko, erreferentzia gisa Euriborra gehi hiru puntu hartzen da MFEen 2002ko eta 2004ko jaulkipenetarako, eta 2007ko jaulkipenerako eta Mendeko Obligazioetarako, %2,5eko diferentziala. Horrenbestez, MFEa 2002an erosi zituen norbaitek inbertsioaren %73 jaso du interesetan; eta %82, orain urte bete iraungitzen diren Mendeko Obligazioen trukea egin bazuen. MFEen 2004ko inbertsiogile batek %61 jaso du interesetan, eta, trukea egin bazuen, %70; eta 2007ko batek inbertsioaren %39 jaso du interesetan, eta %47, trukea egin bazuen.
2017. urterako, interes tasa %2,9an geldituko da (%-0,100 + %3ko diferentziala) MFEen 2002ko eta 2004ko jaulkipenetarako eta Mendeko Obligazioetarako eta %2,4an (%-0,100 + %2,5eko diferentziala) 2007korako, eta guztiak abonatuko dira datorren urtean.
Trukea egin zuten jabe batzuek
Mendeko Ekarpen Finantzarioen inguruan eztabaida handia sortu zen, haiek erosi zituzten hainbat norbanakok salmenta ez zela modu zuzenean egin salatu zutelako, informazio ez nahikoarekin, eta dirua berreskuratzeko eskatu zutelako. Kontsumobideren bitartekaritzarekin, 2014an Eroskik inbertitutakoaren %70 berreskuratzeko proposamena egin zien ekarpenen jabeei: egindako ekarpenaren %15 esku dirutan, eta beste %55, 12 urterako bonuen truke. %30eko kita egitea proposatzen zen. Jabe batzuek trukea onartu zuten, eta beste batzuek, aldiz, bide judizialetik jarraitzea erabaki zuten.