Debagoienean aurkitutako 11 gorpuzki lurperatu dituzte Elgoibarko Duintasunaren Kolunbarioan

Miren Arregi Amasorrain 2017ko urt. 30a, 14:53

Guztira 27 gorpuzki lurperatu dituzte Elgoibarko Duintasunaren Kolunbarioan. 27 horietatik 25 dira identifikatu barikoak eta bi identifikatutakoak. Identifikatuetako bat Jesus Zuazua Mondragon da, Arrasatekoa, eta Dragones batailoiko milizianoa. Lehendakaria buru zela inauguratu dute kolunbarioa.

Antsuategi baserriko hobian aurkitu zituzten Zuazuaren gorpuzkiak, 2004an Aranzadi Zientzia Elkarteak gorpuak lurretik ateratzeko egindako lanetan. Gaur lurperatu dituzten 27 horietatik 11 dira Debagoienean aurkitutakoak: Bederatzi Elgetan eta bi Arrasaten.

Azken urteotan hainbat txokotako hobi komunetan topatu dituzten gorpuei lur eman diete gaur goizean Elgoibarko Olaso hilerrian egindako ekitaldian. 27 gorpu lurperatu dituzte guztira, horietatik 25 identifikatu barikoak. Familiek nahi izan dute, identifikatutako biak ere han hilobiratzea. Eusko Jaurlaritzak finantzatuta, gorpuak lurpetik ateratzeko lanak Aranzadi zientzia elkarteak egin ditu.

Debagoienean aurkitutako 11

Lurperatutako 27 horietatik 9 dira Elgetan aurkitutakoak eta 2 Arrasaten. Elgetan lurpetik ateratako 9 horietatik 6 dira Antsuategi baserriko hobian aurkitutakoak eta 3 Intxorta mendiko fosan. Antsuategin aurkitutako 6 horietatik 1 da arrasatearra, eta hain zuen ere, identifikatuetako bat. Jesus Zuazua Mondragon da hura, Dragones batailoiko milizianoa. Bestetik, Arrasateko Kurtzetxikin aurkitutako bi gorpuzkiak identifikatu barikoak dira. Kurtzetxikiko lanak 2002an egin ziren; Elgetakoak, 2004an.

Gaur Elgoibarren egindako ekitaldia, Jaurlaritzaren Gogora institutuak, Aranzadik eta Elgoibarko Udalak elkarlanean antolatu dute. Inaugurazioa, Iñigo Urkullu lehendakariak egin du. Olaso hilerrian izan da ekitaldia, Duintasuna izena ipini dioten eskulturaren aurrean. Korten altzairuzko eskultura da, Iñigo Arregi eskulturgile arrasatearraren lana. Artelanak, Arregiren esanetan, errepresaliatuak izan ziren pertsonak duintasunarekin elkartzen diren unea sinbolizatzen du.

Ikerketa plana

Gerra zibilean desagertutako pertsonak aurkitu eta horiek identifikatzea Eusko Jaurlaritzaren ikerketa planaren helburuetako bat da. lanketa hori 2015ean aurkeztu zuen eta Aranzadi Zientzia elkartearekin batera garatzen ari da. Horretarako, 2020ra bitarteko lan programa bat diseinatu da. Hala, enterramentuak egon daitezkeen tokiak ikertuko dira.

Erlazionatuak

Ekitaldiko argazkiak

Miren Arregi Amasorrain 2017 urt 30 Debagoiena

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak