Kudeaketa arloan Ikerketa Talde Bikaina izendatu dute Mondragon Unibertsitateko MIK-eko ikerketa taldea

Josu Bilbao Atxutegi 2017ko urt. 30a, 09:51

Kudeaketa arloan Ikerketa Talde Bikaina. Horrela izendatu du Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailak Mondragon Unibertsitateko Enpresagintza Fakultatea, MIK Kudeaketa-ikerketarako Zentroak aurrera daraman ikerketa-lanaren harira.

Izendapenak “enpresen eskutik egiten dugun ikerketaren kalitatea eta mundu zientifikoari egindako ekarpen akademikoa” berresten dituela adierazi du ikertzaileetako batek.

Gaia konplexua eta diziplina anitzekoa denez, hamar bat lagunek dihardute ikerketa- taldean, hainbat herrialdetako ikertzaileak eta askotariko espezialistak tartean direla, hala nola, ekonomialariak, soziologoak, psikologoak eta legelariak.

Ikerketa-taldearen lan-eremu nagusia kooperatibismoa eta bestelako enpresa-ereduak dira, jabekidetasuna eta langileen erakunde-partaidetza oinarri dutenak. Era berean, enpresen barruan pertsonen kudeaketa estrategikoak duen garrantzia lantzen du. Kooperatibismoan duen esperientziak nabarmentzen du MIK-eko ikerketa-taldea, eta arlo horretan Euskadi liderra da munduan.

Jardunbideak

Enpresa kooperatiboek eta langileen partaidetza dutenek etorkizunera begira dituzten erronka estrategikoak dira, hain zuzen, MIKeko ikerketa-taldearen helburuetako bat. Erronka horiek finantzen, pertsonen kudeaketaren eta 4.0 paradigma berrien arloei dagozkie, besteak bestek, eta baita ikerketari ere. MIKen kasuan, ikerketa enpresekin batera eramaten dute aurrera, hori da Zentroaren oinarrizko ezaugarria. Azken urteotan ekonomian eta gizartean eman den testuinguru-aldaketak erronka berriak ekarri dizkie erakundeei, eta taldea horren jakitun da.  Adibidez, jada gertatu den iraultza digitalak eta etorkizunean emango denak goitik behera aldatuko dituzte enpresak, horiek antolatzeko modua, negozio-ereduak eta kapital erlazionala, eta aldaketa horien guztien ondorioz langileak ere aldatu egingo dira. 4.0 Industria esaten diotenak lan-paradigma berria ekarriko du, gaur-gaurkoz oraindik ez dena nahikoa aztertu.

MIKeko ordezkarien esanetan, “ezin dugu onartu iragarritako bat-bateko aldaketa teknologikoek pertsona oinarri duen enpresa-eredua hausterik. Nahitaezkoa da egoerari aurrea hartu eta gure egungo eredua etorriko den paradigma berrira egokitzeko modua ikustea”.


ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak