goiena.eus

Gipuzkoako enpresek Europakoek baino aurreikuspen hobeak dituzte 2017rako

  Ekonomia  Debagoiena

Gipuzkoako enpresak Europakoak baino baikorragoak dira ekonomiaz; zehazki, Gipuzkoako enpresen %45ek emaitza hobeak espero dituzte aurten, Europako %33ren aldean. Hori da Gipuzkoako Bazkundeak Europako Enpresa Perspektiben Inkestatik atera duen ondorio nagusia. Bazkundeak eguenean eman du honen berri.

Europako Enpresa Perspektiben Inkestak 50.000 enpresa baino gehiagoren iritzia jasotzen du. Gipuzkoako Bazkundearen esanetan, inkestan parte hartzen duten Gipuzkoako enpresek 2017an izango dituzten emaitzak hobeak izango direla espero dute, esportazioei, barne merkatuari eta enpleguari dagokienez, eta Europaren batez bestekoaren gainetik kokatzen dira.

Barne merkatuari begira, Gipuzkoako enpresen %45ek emaitzak hobetzea espero dute; Europako enpresen %33k agertu dute iritzi bera. %54ek gehiago esportatzea espero dute, Europako %37ren aldean; eta enplegu arloan, Gipuzkoako enpresen %33k lanpostuak sortzea espero dute; iritzi bera azaldu duten Europako enpresak %23 dira.

Gipuzkoak, hazkunde "orekatua" aurten

Barne eta kanpo eskariek sustatuko dute Gipuzkoaren hazkundea 2017an. Bazkundeak dioenez, Gipuzkoaren hazkundea 2017an “orekatua” izango dela erakusten dute inkestaren emaitzek, nahiz eta hazkunde hori motelagoa izan, barne merkatuaren geldialdiarengatik. Dena den, Gipuzkoako ekonomia Europaren eta Espainiaren batez bestekoaren gainetik haziko dela azpimarratzen du Bazkundeak. Hau dela eta, Gipuzkoako Bazkundeak 2017an Gipuzkoako ekonomia %2,4 haziko dela aurreikusten du, 2016rako ikusten zen %2,9 baino gutxiago.

Inkestan parte hartu duten enpresek espero dutenaren arabera, kanpo eskaera barrukoa baino zertxobait gehiago haziko da 2017an. Bazkundearen hitzetan, “enplegua sortzea motel antzera egongo da, baina kontutan hartu behar da inkestan parte hartu duten enpresen herenak lanpostuak sortzeko asmoa dutela”, eta horrek langabezia tasek “beheranzko joera” izatea ekarriko du.

Fakturazioa handitzea espero duten enpresen artean industria sektorekoak eta merkataritzakoak nabarmentzen dira; merkataritza sektorekoak, barne eskariaren hobekuntza ikusten delako, eta industria sektorekoak, aurten izango dituen kanpo salmentak gauzatzea espero dutelako.

Gipuzkoako enpresak susperraldian daudela ikusten du Gipuzkoako Bazkundeak, “susperraldia gehien sendotu dutenen taldean daude, Europako batez bestekoaren gainetik, batez ere esportazioetan eta barruko merkatuan”.

Enpresen %53k salmentak handitu dituzte

2016an barne merkatuan egindako salmentei buruz, Gipuzkoako enpresen %53k 2015ean baino gehiago saldu dutela esan dute; Europan, %32k bakarrik.

Bazkundeak barne eskarian “moteltzea” aurreikusten du Gipuzkoako enpresendako; “Europak ere hala izango du, nahiz eta Gipuzkoaren kasuan moteltze hori txikiagoa izango den”.

Esportazioei dagokienez, oraingoan ere Gipuzkoak Europak baino gehiago esportatu du 2016ean eta, horrez gain, Gipuzkoak ere esportazio horiek gehitzea espero du. Euskadin, galdetutako enpresen %57k adierazi dute uste hori, eta Espainian, %55ek.

Enpleguari dagokionez, Europak 2016an bezalatsu jarraituko du, eta Gipuzkoaren egoera “zertxobait baikorragoa” izango da.

Azkenik, 2016an, Gipuzkoak Europak baino aurrekontu handiagoa erabili du inbertsioko proiektuentzat, eta 2017an, Europak bezalaxe, maila hori eustea espero dute enpresa gehienek.

Euskal Autonomi Erkidegoaren emaitzak Gipuzkoarenen oso antzekoak dira. Euskal enpresek fakturazioa handitzea espero dute, kanpo merkatuari esker, eta, Gipuzkoako enpresen antzera, %60k inbertsio eta enplegu mailari eustea espero dute.

Brexitak eta Trumpek ezinegona sortuko dute oraindik

Munduko ekonomiaren hazkundea %3,1ean geratu da, nahiz eta beherako joera ikusten den, ekonomia aurreratuetan batik bat. Bazkundearen analisiaren arabera, Brexitaren garaipenak eta Trumpen gobernu berriak ezinegona sortuko duten bi faktore izaten jarraituko dute mundu osoan 2017an.

AEBetako ekonomia uste baino gehiago haziko da urteko bigarren erdian, barne eskaera, enplegua eta soldatak modu egonkorrean haziko direlako.

Txinak %6,2ko hazkundeari eusten dio, eta Eurogunea %1,5 haziko da; izan ere, nahiz eta moneta-ekonomia malgua eta fiskalitate lasaiagoa izan, barne eskariak ahul jarraitzen du.

Latinoamerikari buruz, berriz, 2016an “lurra jotzea” aurreikusten da, kanpo eskaera oso ahula delako.

5.700 lanpostu sortu ziren iaz

Joan den urteari dagokionez, Gipuzkoako ekonomia %2,9 hazi zen, 5.757 lanpostu sortu zituen eta 20.673 enpresa zeuden Gizarte Segurantzara afiliatuta 2016ko abenduan, 2015eko abenduan baino 130 gehiago.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa