Bertso eskolen arteko "desafio" moduko bat izan dela azaldu du Arrasateko bertso eskolako Marixe Ruiz de Austrik. Atzo iluntzean Aretxabaletako Herriko Plazan elkartu ziren eta lehenengo geldialdia Artano tabernaren kanpoko aldean egin zuten. Bertan zozketa bitartez irten ziren hiru bertsolari hasi ziren bertsotan librean, eta beste hiruzpalau tabernatan izan ziren gero bertso poteoan, txandaka bertsoak kantatuz. Bertsolari gazteenak 16 urte zituen, eta zaharrenak, berriz, 20 urtetik gora.
Topaketaren helburua da bertso eskolen arteko harremanak sortzea eta horrek etorkizuneko proiektuak aurrera eramaten lagunduko diela adierazi zuen Ruiz de Austrik. Eta hauxe gaineratu du: "Horrelako saioak lagungarriak dira baita ere trebetasuna hartzen joateko, gero plazatako publiko zorrotzari errazago aurre egin ahal izateko".
Bertso poteoaren ostean, Muru Alde elkartean afaldu zuten eta han bertsotan jarraitu zuten guztiek.
Aretxabaletako topaketan elkartu ziren bertsolariak.
Topaketak
Mungian egin zen lehenengo Bertsotruk topaketa. Han ez ziren izan bailarako bertsolariak, baina udaberri aldera Lasarten egingo den topaketara joateko asmoa badaukate.